%24ko soldata-igoera Hondarribiko etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileentzat

Hondarribiko etxez-etxeko laguntza-zerbitzuan diharduten UTE Clece Zaintzen enpresako 22 langileek beren lehen hitzarmena lortu zuten atzo. ELAk, hango sindikatu nagusia den aldetik, oso positibotzat jo du akordioa. Besteak beste, %24ko soldata-igoera, batez bestez, jaso baita, eta baita subrogazio-eskubidea ere. Lan erreformari aurre egiten dioten klausula guztiak ere sartu dira hitzarmen berri horretan: ultraaktibitatea, ez aplikatzea... Hitzarmena 2020ko apirilaren hasieratik 2023ko amaierara arte egongo da indarrean. Akordio hori sinatu ostean, bertan behera geratu da urtarrilaren 27, 28 eta 29rako aurreikusita zegoen greba.
ELAk, langileak euren borrokagatik zoriondu ondoren, akordio onak lortzeko mobilizazioen garrantzia azpimarratu du. 2019an mobilizazio ugari egin zituzten langileek herrian, eta joan den astean hiru eguneko greba deitu ostean iritsi da akordioa.