25 heriotz lan istripuen ondorioz Hego Euskal Herrian
Ohar honen bitartez, gaur goizeko 11:00k aldera gertatutako lan istripua publikoki salatu nahi dugu, Arcelor Mittal-ek bere Zumarragako (Gipuzkoa) lantokian itxitura lan batzuk egiteko azpikontratatutako Cubertec, S.L. enpresako langile baten heriotza eragin duena, hain zuzen.
Antza denez, hildako langilea (P.E.S., 39 urtekoa) aipatu lantokiko teilatuko fibrozementuzko xaflen gainean ari zen lanean hauetako baten bat hausteak 12 metro inguruko altueratik erortzea eta ondorengo heriotza eragin dionean.
Lehenik eta behin hildakoaren senide, hurbileko eta lankideei gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu, urtebeteko epean lantoki honetan heriotza eragin duen bigarren lan istripua honen aurrean gure haserre bizia erakutsi nahi dugun aldi berean. Zentzu horretan ELAk, bihar (ekainak 26) goizeko 11:00tan Zumarragako lantokian enpresa batzordeak deitutako protesta elkarretaratzearekin bat egiten du.
Lan istripu mota hau Euskal Herriko langile guztiok pairatzen dugun lan-ezbeharren ondorio beltzen adibide garbiena da, azken boladan berriro ere areagotzen ari dena hain zuzen. Azken heriotz honekin, 25 lirateke 2015. urte honetan zehar HEHn beraien lanpostuetan bizitza gaudu duten langileak.
Berehalako etekin ekonomikoak lehenetsiz langileriaren segurtasunezko lan baldintza duin en aurka doazen patronalen betegabetzeak guztiz onartezinak iruditzen zaizkigu, horregatik gertaerak argitu eta egon daitezkeen ardura argitze aldera baliabide guztiak ezartzea eskatzen dugu.
Era berean, gisa honetako lan-istripuetan faktore berdinen presentzia behin eta berriz errepikatzen den honetan (segurtasun neurri eza edo eskasia, kontrolik gabeko azpikontratazioa, informazio falta, eta ab.), lan osasun eta segurtasunean ardura daukaten erakundeek enpresek arlo honetan dauzkaten betebeharren aplikazioa bermatzeko berehalako neurri eraginkorrik ez hartzea deitoragarria deritzogu.
Egoera honen aurrean eta hainbat esparrutan suspertze ekonomikoa aipatzen denean, langileon bizitza eta osasuna erdian jarriko duen beste lan-harreman eredu bat ezartze aldera pausuak eman ezean azken urteetan krisi ekonomikoaren aitzakian eramandako doikuntza politiken eraginez areagotu den lan-baldintzen etengabeko prekarizazioaren ondoriozko lan-ezbehar kopuruen handitzea etorriko dela ohartarazi nahi dugu berriz ere.