250 greba egun Gipuzkoako zahar-egoitzetan: "Olano, eseri negoziatzera, egoitzen eredu bidezkoagoa eta gizatiarragoa zor diguzu", eskatu du Lakuntzak

2021/06/14
Gutxieneko zerbitzuak % 100ekoak izan eta greba eskubidea “bahitu” arren, Gipuzkoako zahar-egoitzetako ELAko ordezkariak eta langileak kalera atera dira gaur Donostian, grebaren 250. egunean. Manifestazioa 8:00etan hasi da Ibaetan, eta ekitaldi nagusia Gipuzkoako hiriburuko Boulevarden egin dute, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia bertan zela. Hori guztia lan baldintza duinak eta zaintza ardatz izango dituen egoitza eredua eskatzeko, eta ez pribatizazioa eta negozioa oinarri dituena, Markel Olanok zuzentzen duen Aldundiak egiten duen gisan.

Lakuntzak gogorarazi du eredu "bidegabea" dela. Izan ere, finantziazioaren % 90 publikoa izan arren, egoitzen bi herenek irabazteko asmoa dute. Gainera, langileek lan-karga jasanezinak dituzte, egunean ordu eta erdiko arreta baino ez baitute egoiliar bakoitzeko. "Eredu hori ez da bideragarria", ziurtatu du. "Lan baldintza prekarioekin zerbitzu prekarioa baino ezin da eskaini-eta".

Lakuntzak erantzukizuna bere gain hartzeko eta negoziatzera eseri dadin eskatu dio Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiari, akordioa lortzeko bidean oztopo izateari utz diezaion. Izan ere, 2018an Adegi eta Matia patronalak eta sindikatuak Aldundiak bete nahi izan ez zuen aurreakordio batera iritsi ziren. Ordutik, Foru Gobernuak uko egin dio egoitzetako ordezkariekin biltzeari. Jokabide hori are ulergaitzagoa da egoitzetako langileak funtsezkoak direla agerian utzi duen pandemiaren ondoren. "Duela urtebete funtsezkoak zineten, eta orain baztertzen zaituztete", salatu du Lakuntzak.

 

"Olano, eseri ELAren proposamena entzutera, irtenbide bat dugulako, pandemia honetan bizi izan dugunaren ondoren bi gauza zor dizkiguzulako: langileen lan-baldintzak hobetzea eta gure adinekoentzako arreta-zerbitzua hobetzea. Egoitza-eredu gizatiarragoa, publikoa eta zaintzan oinarrituagoa dago jokoan ". Halaber, greba berezia dela azpimarratu du Lakuntzak: "Hau ez da greba arrunt bat, hau greba sindikala, feminista eta soziala da: arrakalaren aurkako, eta zainketen balioaren eta emakumeek egindako lanen duintasunaren aldekoa”. Horregatik, borrokan jarraitzeko deia egin du idazkari nagusiak.