FISKALITATEA

3.000 lagun baino gehiago kalean Aldundiei zerga-erreforma justu bat eskatzeko

2024/12/14
3.000 lagun baino gehiago kalera atera dira Bilbon, mezu hau adierazteko: “Fiskalitatean ere, Madril eredu? Más impuestos al capital, menos fraude fiscal, más derechos sociales (kapitalarentzako zerga gehiago, iruzur fiskal gutxiago, eskubide sozial gehiago)”; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Aldundietan eztabaidan dagoen zerga-erreforma baldintzatzea zen manifestazioaren helburua.

ELAk ondo daki egungo zerga-sistemaren diru-bilketa urria eta injustua dela: langileek gero eta gehiago ordaintzen dute, eta enpresa eta kapitalek, aldiz, gero eta gutxiago. Haatik, zergen inguruan EAJk eta PSEk iritsi duten akordioak ez dio inola ere konponbiderik emango injustizia fiskalaren arazoari. Erreformarako proposamena kenketa fiskal zerrenda hutsa da, eta hauen ondorioz diru gutxiago bilduko dute ogasunek; gainera, ez da bat ere neurririk hartuko oraingo sistemaren progresibitatea areagotzeko.

Bere hitzaldian, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak gogoratu du ogasunek zergatan biltzen duten dirua Europako batez besteko mailaren parekoa balitz EAEn 6.400 milioi euro gehiago izango liratekeela. Bilketa injustua da: langileriak zeharkako zergetan 10 eurotik 7 ordaintzen ditu, eta Lakuntzak esan du iruzur fiskala dela gaur dagoen iruzurrik larriena.

ELAko idazkari nagusiak kargu hartu die EAJri eta PSEri, zerga-erreforma oso mugatua proposatu dutelako: “Kenketa zerrenda hutsa da, eta berez urriak diren sarrera publikoak areago murriztuko ditu”. Horregatik, bi alderdi horiei zerga-erreforma progresibo bat galdegin die, arazo estrukturalei ekiteko; finka dezatela sozietateen zerga gutxienez % 25ekoa izan dadin, kapital-errententzako pribilegiozko tratua kentzea, ondare-zergako tarifa bikoiztea eta ikuskaritza fiskalak areagotzea. Lakuntzak EAJ eta PSEri eskatu die azal dezatela “zergatik iruditzen zaien gaizki enpresek etekinen 4 eurotik gutxienez 1 ordaintzea; zergatik ez duten nahi errentista eta espekulatzaileei lan-errenten gaineko atxikipen taula bera aplikatu nahi, edota zer dela eta ezin diren ikuskapenak gehitu, iruzur fiskalari aurre egiteko”.

Euskal zerga-sistemaren xedea da etekinak dituzten enpresei zergak jaistea eta langile-klaseari gehiago ordainaraztea. “Gobernu hau eta ogasunak botere ekonomiko eta patronalarekiko duten menpekotasuna agerikoa da, eta horixe da horren guztiaren zergatia”.

Pradales eta baliabide mugatuak

Halaber, Lakuntzak aipatu zituen duela gutxi Pradales lehendakariak egindako adierazpen batzuk: “baliabideak mugatuak dira”, esan zuen lehendakariak, eta gaur zor publikoaz baliatzeak etorkizunerako gosea ekarriko duela. Lakuntzak erantzun dio esanez arazoa ez dela baliabideak mugatuak izatea: “kontua da bere zerga-politikarengatik ez direla nahikoak”. Bestalde, kontraesan bat salatu du zor publikoari buruzko hitzetan, izan ere horixe izan baita 2025eko aurrekontuan gehien handitu den saila (% 20).

Lakuntzak Pradalesi eskatu dio botere ekonomikoekin izan ohi dituen topaketak balia ditzala gogoratzeko zer nolako “pribilegio fiskalak dituzten, eta eskatzeko egiten dutena baino ekarpen handiagoa egiteko (enpresa gehienek etekinengatik gutxi ordaintzen dute, edo bat ere ez) eta galdegiteko konpromisoa har dezatela euskal gizartean den iruzurrik larriena amaiarazteko: enpresa askoren iruzur fiskala”.

Gobernua eta EH Bildu: aurrekontuen negoziazioaren antzezpena

Bestalde, ELAko idazkari nagusiak esan du ulertezina dela EH Bilduk berariaz oinarrizko gaien defentsari uko egin izana, esaterako Osakidetza edota fiskalitateari dagokionez; hau zertarako? “aurrekontuen inguruko antzezpen bat egiteko. Alabaina, sindikatuekin konparatuz gero, baten batek pentsa lezake sindikatu batek ontzat ematea negoziazio bat non hasieratik baztertzen diren soldatak eta lanaldia?”.

Lakuntzak esan du “gai hauetan uko egiteak beste uko handiago bat islatzen dute: ez dute oposiziorik egin nahi. Gobernu honek, moldeak aldatuta ere, oro har eutsi egin dio Urkulluren politika berari; aski da haren aurrekontuak eta proposamen fiskalak aztertzea”. Lakuntzak kritikatu du honelako negoziazio eta hurbilketekin gauza bakarra lortzen dela: “Pradalesen gobernuaren politikak duten eragin negatiboari garrantzia kentzea, alternatiba baten alde borrokatzeko aukera baztertzea eta kritika edo oposizio politikoa indargabetzea”.

ELAk jarraituko du esaten politika publikoak errotik aldatu behar direla, testuinguruak hala eskatzen baitu: mailakako txirotzea, prekarizazioa eta zerbitzu publikoen gainbehera.

ELAko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, “zerga-sistema justuago bat eskatuko dugu aurrerantzean ere, gehiago dutenek gehiago ordain dezaten. ELAk aldarrikatuko du enpresek gutxienez etekinen %25 ordain dezatela eta egungo sistemak kapital-errentei eskaintzen dizkien pribilegioak desagertzea. Ez da bidezkoa lan-errentek dibidendoek baino zerga gehiago ordaintzea”. ELAk bereari eutsiko dio: mobilizazioa eta euskal politikan aldaketa sakonak nahi dituzten erakundeekiko lankidetza; bere esku dagoen guztia egingo du zerga-sistema justuago baten alde.

Izan ere, justizia fiskalik gabe ez baitago justizia sozialik.