Gorabide Elkartea
300 langilek baino gehiagok bat egin dute erosahalmena berreskuratzeko gaurko grebarekin

Hilabeteko mobilizazioen ostean, langileak grebara joan dira gaur. Ekitaldi nagusia Gorabidek bulegoak dituen Bilboko Poza Lizentziatuaren kaletik Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiraino (elkartea finantzatzen duen administrazioa) irten den manifestazioa izan da. Eusko Jaurlaritzak %50etik gorako gutxieneko zerbitzuak agindu dituen arren, 300 pertsona baino gehiago bertaratu dira ekitaldira.
Hitzarmenak 2019tik eguneratu gabe edukitzeak dakarren erosteko ahalmenaren galeraz gain, langileek salatu dute azken urteotan Gorabidek kontratu eredu eta lan egutegi berriak jarri dituela abian, langileen egoera are gehiago prekarizatu dutenak, kontziliazioa are gehiago zailduz.
ELAk oso balorazio positiboa egin du grebaren jarraipenaz. Gorabideri eta Foru Aldundiari mezu sendoa helarazteko helburua aise gainditu da: egungo egoerarekin hausteko eta erosteko ahalmena berreskuratzea bermatuko duen hitzarmen bat sinatzeko beharra. ELAko atal sindikalak Enpresa Batzordeko gainerako kideei (LAB eta ESK) jakinaraziko die greba dinamika horren aldeko apustua egin behar dela langileen baldintzak hobetzeko. Besteak beste, kontziliazioaren arloan hobekuntzak, eta indarraldiko urte bakoitzerako KPIaren gainetik egongo diren soldata igoerak dituen hitzarmena lortzeko.