Zarauzko hiri autobusa
35 orduko lanaldia eta erosahalmena bermatzea lortu dute Hiribusen

Hiribus Zarauzko hiri autobus zerbitzua kudeatzen duen enpresa da, eta ELAren ordezkaritza sindikala du. Enpresarekin eta Udalarekin luze negoziatu ondoren, eta greba deialdia tarteko, lan baldintzak nabarmen hobetzen dituen akordioa lortu dute. Datozen 3 urteetan lanaldia 200 ordu murriztuko da, astean 35 orduko lanaldia izan arte, eta KPIaren araberako soldata igoerak bermatuko dira.
Akordio hau Gipuzkoako bidaiarien garraioaren hitzarmenaren negoziazioak edukirik gabe jarraitzen duen bitartean lortu da.
Gipuzkoako bidaiarien garraioan lanordu kopurua gehiegizkoa da, eta ELAren ustez, lanaldia murrizteko borrokatu behar da nahitaez. Lanaldia murrizteak enplegua sortzea eta bizi baldintza hobeak izatea dakar. Hau da Gipuzkoan ildo horretan lortu den lehen akordioa, baina 35 orduko lanaldia normalizatuta dago Bizkaiko autobusen zerbitzu publiko gehienetan.
Antolaketaren eta borrokaren ondorioz, Zarauzko Hiribuseko langileek lan baldintzak hobetzea lortu dute.