37,5 orduko lanaldia ezartzen bada, 9.000tik gora lanpostu galduko dira Eusko Jaurlaritzan

2013/02/13
37,5 orduko lanaldia ezartzen bada, 9.000tik gora lanpostu galduko dira Eusko Jaurlaritzan
ELAk salatu du Eusko Jaurlaritza berriak, hauteskunde-kanpainan hitzemandakoa bete beharrean, eta arazo horiei guztiei jaramon eginez zerbitzu publikoei inbertsio zein baliabide gehiago bideratu beharrean, 1.200etik gora milioiko murrizketa proposatu duela aurrekontuetarako. Era honetan, Eusko Jaurlaritza berriak bere egiten baditu 37,5ko lanaldia, eta hezkuntzan irakastorduak eta ratioak igotzea; 9.000tik gora lanpostu suntsituko direla, azaldu du.

Joseba Villarreal, negoziazio kolektiboko arduraduna, Igor Eizagirre, Gizalan federazioko idazkari nagusia eta Ramon Uriarte, zerbitzu publikoetako arduradunak ELAk Eusko Jaurlaritzari egingo dizkion proposamenak azaldu dituzte.

Eusko Jaurlaritza berriak, hauteskunde-kanpainan hitzemandakoa bete beharrean, eta arazo horiei guztiei jaramon eginez zerbitzu publikoei inbertsio zein baliabide gehiago bideratu beharrean, 1.200etik gora milioiko murrizketa proposatu du aurrekontuetarako. Hau da, orain arteko murrizketak finkatu eta beste batzuk gehiago ezartzeko mehatxua egin du. Nahiz eta murrizketa horrek oso eragin txarra izan enpleguan, zerbitzu publikoetan eta gizarte-babesetan.

Dugun krisi larria dugula, ELArentzat onartezina da Eusko Jaurlaritzak orain arteko murrizketak finkatzea, eta beste batzuk egiteko asmoa iragartzea. Gure ustez errotik aldatu beharko luke fiskalitatea, autogobernuaren alde agertu, eta zerbitzu publikoetan inbertsioa egin —hezkuntzan, osasungintzan, gizarte-babesetan—, hori baita bidea krisitik ateratzeko, enplegua sortzeko, eta gure oraina eta geroa ziurtatzeko.

Beraz, Eusko Jaurlaritza berriari eskatzen diogu EAEko zerbitzu publikoak handitu eta garatzearen aldeko apustua egiteko —inbertsioa eta baliabideak ugalduz, gutxienez EBeko batez besteko inbertsioaren parera iritsi arte—, baita enpleguari bultzada emateko ere. Bestalde, politika fiskala zeharo aldatzeko eskatzen diogu, aberastasuna modu bidezkoagoan banatzea ahalbidetzeko, eta zerbitzu publikoak zein gizarte-babesa garatzeko baliabide ugariagoak biltzeko.

Hori dela-eta, mahai orokorrean hurrengo puntuak jarriko ditugu:

1.- Enplegu publikoa sortzea: Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu enplegua suntsitzea helburu izan duen azken urteotako politika errotik aldatzeko.

Horretarako, lehentasunezkoa da 35 orduko asteko lanaldiari eustea euskal administrazio publiko osoan (irakastorduak eta ratioak hezkuntzan):

Gogora ekartzen dugu euskal funtzio publikoaren 35 orduko akordioa Mahai Orokorraren 2000ko abenduaren akordioa izan zela, euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorraren ondorioz hartu zela, eta lau sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzak sinatu zutela, helburu jakin batzuei begira: Enplegua sortzea (orduko langabezia-tasa 6 puntu txikiagoa zen, oraingoa baino), eta prekarietatea mugatzea.

Gaur arte mantendu da 35 orduko lanaldia, baina Eusko Jaurlaritza berriak bere egiten baditu 37½ko lanaldia, eta hezkuntzan irakastorduak eta ratioak igotzea; 9.000tik gora lanpostu suntsituko dira, eta Eusko Jaurlaritza izango da erruduna:( honi gehitu behar zaio iadanik suntzitu den emplegua IT, permisu eta amortizazioen politika murriztaileekin).

  • Osakidetza: 2.500etik gora lanpostu.

  • Irakaskuntza: 6.000tik gora lanpostu.

a) Irakastorduak gehitzea: 4.000tik gora lanpostu. Irakaskuntza publikoa: 2.000tik gora; itunpeko irakaskuntza: 1.500etik gora; EHU: 400etik gora; haurreskolak: 200etik gora;

b) Ratioak igotzea: 2.000tik gora lanpostu.

  • Autonomiako gobernua: 300etik gora lanpostu.

  • Justizia: 170 etik gora lanpostu.

  • Sozietate eta enpresa publikoak: 400etik gora lanpostu.

Horregatik exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari 35 ordu asteko lanaldiari eusteko. Kontrako erabakia hartuz gero, autogobernuaren eta sinaturiko akordioen aurkakoa izateaz gain, nabarmen prekarizatuko luke zerbitzuaren kalitatea, eta herri honetako enplegurako hondamendia izango litzateke.

Exijitzen diogu zerbitzu publikoak pribatizatzeari uzteko —mahai orokorraren azken akordioan hala hitzartu baikenuen—, eta baita enpresa eta sozietate publikoetan eta azpikontratetan enplegurik ez suntsitzeko ere. Halaber, eskatzen diogu ordezkapenen politika aldatzeko, eta ordezkapenak lehenengo egunetik egitea.

2.- Soldatak: ELAtik azken bi urte eta erdian galdutako eroste-ahalmena berreskuratzeko exijitzen dugu, 2012ko amaieran eroste-ahalmenaren ia %20. Borondate politikoaren kontua da administrazio publikoko langileen eroste-ahalmena berreskuratzeko formulak bilatzea. (aparteko ordainsaria barne).

Aipatu beharrekoa da horrelako formulak Hego Euskal Herriko beste erakunde eta administrazio batzuek erabili izan dituztela.

3.- Lan-eskubideak berreskuratzea. (aldi baterako ezintasuneko bajen %100, ordezkapenak, lan-kargak jaitsi, erretiroak...)

Mahai orokorrean negoziatu eta hitzartu diren eskubideak, gero Madrilgo eta Gasteizko gobernuek murrizturikoak, berreskuratzeko exijitzen dugu.

Ez da egia esatea gai horietan ez dagoela jarduteko tarterik, borondate kontu hutsa da, ikusi besterik ez dago nola eskubide horiek aitortu zaizkien Hego Euskal Herriko hainbat erakunde eta administraziotako langileei.

4.- Negoziazioko euskal esparrua errespetatzea; EAEn diharduten langile guztiei lan-baldintzak hemen negoziatu ahal izateko eskubidea aitortzea; ez onartzea gure eskumenetan kanpoko eskusartzerik; eta Euskal Herrian behar ditugun eta nahi ditugun zerbitzu publikoak erabaki ahal izatea.

5.- Defentsa kolektiborako akordioak indarrean iraunaraztea. Ordu sindikalen akordioa errespetatzea kanpoko eskusartzerik onartu gabe.

6.- Euskara: Euskal administrazio publikoan benetako aurrerapausoak emateko eskatzen dugu.

ELA rentzat horixe da alternatiba, eta proposamen horiek baztertuz gero, dei egingo diegu euskal administrazio publikoko langileei eta oro har gizarteari mobilizaziora, murrizketa-politikak geldiaraztearren eta euskal politikariak norabidez aldatzera behartzearren, aurrerantzean zerbitzu publiko unibertsalak eta kalitatezkoak bultza ditzaten, eta enplegua eta lan-baldintza zein ogibide duinak sor ditzaten.