38 greba-egun Bizkaiko egoitzetan, eta Aldundiak beste aldera begiratzen jarraitzen du

2016/10/28
ELAk salatzen duenez, Bizkaiko egoitzetan 38 egunez greban egon ostean, Bizkaiko Aldundiak beste aldera begiratuz jarraitzen du, gatazka konpontzeko izan behar duen ardura bereganatu barik. Gogoan izan itunpeko egoitzen aurrekontuaren %70 Aldundiaren kontura doala; beraz, Bizkaiko Aldundia zerbitzua ematearen azken erantzulea denez, utzikeria nabarmena da irtenbide adostu bat bilatzeko neurririk ez proposatzea.

Gizarte Ekintzako ahaldun Isabel Sanchez Roblesen esanak esan, grebaren lehen astean erantzuna gehiengokoa izan da Bizkaiko 40 egoitzarik handienetan, BFAren proposamenez Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak eta guzti. Izan ere, gutxieneko zerbitzu horien helburu nagusia garrantzi handiko gizarte-gatazka bat ezkutatzea da, zeren Aldundiak bertan behera utzi duen gizataldea oso-oso ugaria da, erabiltzaileak, senideak eta langileak daude eraginpean, eta guztira 35.000 pertsona baino gehiago dira.

ELAren eskaria da egoitzetako langileen baldintzak hobetzea, eta era berean adinekoei ematen zaien arreta kalitate handiagokoa izatea. Alde horretatik eskerrak ematen dizkiegu egoiliarren senideei haien elkartasunagatik, joan den astelehenean Bilboko manifestazioan bat egin baitzuten langileekin.

Bestalde, bihar, larunbata, urriak 29, itsasontzi talde bat abiatuko da Santurtziko kirol-portutik, goizeko 10:30etan, Ezkerraldeko herriak bisitatzeko.