4.000 sinadura aurkeztu dituzte TS Fundiciones-eko langileek Donostiako Epaitegietan

Langileen batzordearen agiria:
Urte berriarekin batera iritsi da TS Fundicionesen eta bertako langileon etorkizunari buruz zirt edo zart egiteko unea. Konkurtsoaren bigarren fasean sartuak ginen iazko Urriaren 16tik eta dagoeneko eskaintzak aurkezteko epea amaitu zen pasa den Urtarrilaren 5ean. Urte berri honi ere Epaitegi aurrean eman behar hasiera.
Aspaldi, errekurtso izaera zuen salaketa sartu genuen epailearen aurrean ez zezan bigarren fase hau lehenengoari beste aukera bat eman gabe ireki, ez baikenekien ondorenean zer gerta zitekeen, ez geneukan ezer finkorik eta intentzioek ez baitute etorkizuna bermatzen. Eta zer diren gauzak, bigarren fasearen itxiera eguna pasa ondoren jakin dugu epailearen erabakia.. Ezezkoa noski.
Ez dugu bigarren fase honetan aurkeztu diren eskaintzen informazio askorik.
Badakigu 3 eskaintza egon direla eta hasiera batean berri onak direla esan behar. Lehengo fasean 2 eskaintza eta bigarren fase honetan 3 eskaintza jaso izanak gure aldarrian sendotu eta indartu egiten gaitu. Batzuek ehundik gora familia kale gorrian utzi eta basakeria hau aurrera eramateko TSren bideragarritasun eza aitzakiatzat erabiltzen zuten bitartean, langileok erakutsi dugu arrazoi genuela, bide onetik gindoazela eta jarraitzen dugula, eta egungo eraikuntza industrialean ere zer esan handia dugula.
Ireki dira dagoeneko sobre guztiak eta enkantea burutu da. Aste honetan edo datorren astean aztertuko ditu eskaintzak Administradore Konkurtsalak eta erabaki bat hartu beharko du. Ez da justua ezagutzen ez gaituen kanpoko pertsona baten menpe gelditzea gu guztion etorkizuna, baina hala omen dio legeak.
Bere esku dago guk behin eta berriro aldarrikatu izan dugun proiektu industriala eta lanpostuen bermea jartzea diru ororen gainetik, ala gure herrian bizi dugun egungo egoera sozialari muzin egin eta gutxi batzuen aurrean ondo gelditzeko eskaintzen dirua jarriko duen lanpostu edota proiektu sendo bat zakarretara boteaz.
Argi dugu urte eta erdiko borrokak ekarri gaituela egoera honetara eta hankak lurrean ditugu. Horrenbeste denborako lanaren ondoren norbanako baten erabaki xinple baten menpe aurkitzen gara eta ez gure eskualdeak, ez bertako biztanleok eta are eta gutxiago TSko langileok, ez genuke ulertuko momentu honetan aukera onik bada, hau galaraztea.
TSko langileok ez gaude geldik, eta Abenduko azken bi asteetan sinadura bilketa kanpaina bat burutu genuen behin egoera honetara iritsita, lanpostuak eta proiektu industrial baten bidez TS-k bizirik behar zuela aldarrikatzeko, ez soilik diruz oinarritzen zen proiektu baten bidez.
X sinadura bildu ditugu! Eskerrik asko Urola-Kosta! Eskualdearen babesaz gatoz gaur Epailearengana sinadura hauek aurkeztera. TSko langileok eta Urola Kostako biztaleok hitz egin dugu, utzi diruak eta eman behar duen garrantzia lanpostu eta proiektu sendo bati!