4.161 langabe gehiago urtarrilean Hego Euskal Herrian

2020/02/05
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako langabezia-datuek erakusten dutenez, urtarrilean 4.161 langabe gehiago erregistratu ziren HEHn aurreko hilabetearekin alderatuta, langabeziaren igoerak batez ere eragina izan du emakumeengan. Honela, langabe kopurua 151.521tan kokatu da.

Langabezia handitu egin da eta emakumeen kontura egin du. 4.161 langabe berri horietatik, 3.958 emakumeak izan dira, hau da, %95,1. EAEn langabeziaren igoera handiagoa izan da azken hilabetean, langabezia egoeran dauden 3.487 pertsonen igoerak %3,05eko igoera ekarri du. Nafarroan, igoera %2,03koa izan da, hau da, 674 langabe gehiago.

Langabeen kopurua iazko martxoko mailara iritsi da dagoeneko. Egoera larriagotu egin da, laugarren hilabetez jarraian igo baita langabezia. Halaber, ekainetik hona izan den bilakaerari erreparatzen badiogu, ikus dezakegu 10.000 langabe gehiago daudela HEHn.

2019ko urtarrileko datuekin alderatuta, 2.808 langabe gutxiago daude HEHn, hau da,%1,82 gutxiago. Nafarroan, EAEn ez bezala, urte arteko datuetan 292 langabe gehiago daude.

 

Langabeen bilakaera HEHn

Iturria: SEPE

 

Urtarrilean egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berberak izaten jarraitzen dute: prekarioak eta aldi baterakoak, gainera, egindako kontratuak nabarmen murriztu dira. 113.397 kontratu egin dira, eta horietatik %91,3 aldi baterakoak izan dira.

Langabeziagatiko babes-sistemari dagokionez, langabezian izena emanda dauden pertsonen %55ek ez du langabezia-prestaziorik jaso abenduan (83.295). Eta soilik %28,5ek kobratu du ordaindutakoaren araberako langabezia-prestazioa.

Datu horien aurrean beharrezkoa da enplegu politiken erabateko aldaketa, lan erreformetan atzera egitea bezala.