40.000 langabe gehiago 2008an Hegoaldean

2009/02/18
2008an Hegoaldeko langabeen kopurua 40.000 gehiagorekin gehitu zen, eta 113.700 izatera aldatu zen, ELAk jakinarazi duenez.

Azkenaldi honetan langabeziak izan duen bilakaera ezkorraren beste hainbat datu jasotzen ditu bulego teknikoak otsaileko kointura ekonomikoaz burutu duen txostenak. Datuok prentsaurrekoan plazaratu dituzte, Adolfo Muñoz, idazkari nagusiak, Mikel Noval, arlo sozialeko arduradunak eta Julene Gabiola, bulego teknikoko kideak.

2008an Hegoaldeko langabeen kopurua 40.000 gehiagorekin gehitu zen, eta 113.700 izatera aldatu zen. Horietatik 57.300 gizonezkoak dira (25.000 gehiago, 2007ko laugarren hiruhilekoan baino) eta 56.200 emakumezkoak (15.000 gehiago). Hortaz, langabezia-tasa %8’3koa izan da, 2’9 puntu gehiago 2007ko laugarren hiruhilekoan baino (gizonezkoen tasa %7’6 izan da, eta emakumezkoena %9’3).

Adolfo Muñozek azaldu du, EAEko Barne Produktu Gordina %2a igo arren eta soldatan Europar Batasuneko hainbat herrialdeetakoak baino baxuagoak izan arren, langabeziak gora egin duela. Egoera honetara ekarri gaituztenen politikak aldatzera behartu behar ditugula nabarmendu du, ez dagoelako langile munduaren interesak defendatzeko beste biderik.
Muñozek azpimarratu duenez “enpleguaren kalitatea izugarri hondatu da urteen poderioz. Madrilen adostu eta onartu diren lan erreformak behin-behineko kontratazioa bultzatu eta langileen kaleratzea nabarmen erraztu dute. Gobernuak dira gure lan baldintzak hondatu izanaren errudunak". Bere hitzetan, patronalari jendea kaleratzeko eskatu duen guztia eman zaio eta, hala ere gehiago nahu du.

Bestalde, Hego Euskal Herrian langabezia-prestazioak jaso dituztenak 67.700 izan dira azaroan (informazioaz osaturiko azken hilabetea); hortik atera daiteke langabeen %40ek ez dutela inolako prestaziorik jasotzen.

ELAren Azterlan Kabineteak beste jakingarri batzuk ere eman ditu ezagutzera. Besteak beste, krisiaren ondorioz Hego Euskal Herrian suntsitzen ari den enpleguaren maila askoz gorago dago Europako batez bestekoa baino; eta hori bera gertatu zitzaigun aurreko krisian ere, horren arrazoiak bilatu behar ditugu prekarietate-tasa handian eta malgutasunean.

Ekonomia-hazkundeko urteetan enplegua sortu da, baina behin-behinekoa, eta behin-behineko poltsa horretatik egiten ari dira orain doikuntzak edo murrizketak. Ez da txiripa hutsa, beraz, kalera joan direnetatik 36.200ek behin-behineko kontratua izatea. Egia esan, suntsitzen den enplegu gehiena isil-gordean suntsitzen da, EEEk (ERE) komunikabideetan askoz oihartzun handiagoa lortu arren.

ELAren Azterlan Kabinetearen arabera, 2008an 34.000 lanpostu desagertu ziren Hego Euskal Herritik, eta ondorioz biztanleria okupatua 1.248.300 izatera jaitsi da. Gizonezkoen biztanleria okupatua 701.400 da (30.000 gutxiago 2007ko laugarren hiruhilekoan baino), eta emakumezkoena 546.900 (4.000 gutxiago).

Gehien okupatu duen sektorea zerbitzuena izan da, 802.200 langile baititu (guztirakoaren %64’3); 307.000 ari izan dira industrian (%24’6), 111.600 eraikuntzan (%8’9), eta 27.500 nekazaritzan, abeltzaintzan eta arrantzan (%2’2).

Bilakaerari begiratzen badiogu, sektore guztietan galdu da enplegua, baina eraikuntza izan da kaltetuena (19.800 postu galduta), hurrena zerbitzuen sektorea (13.900), industria (200), eta nekazaritza-abeltzaintza-arrantza (100).

 Egoeraren azterketa 12