44 egun greban daramatzate Gipuzkoako errepide mantentze lanetako langileek
Hilabete eta erdiko grebaren ondoan, Gipuzkoako Aldundiak, gatazkaren inguruko arazoak onartu arren, ez duela ezertxo ere egin, haien ardurapeko arazoa izango ez balitz bezala aritu dela azaldu dute. "Gogoratu beharrekoa da zerbitzu horiek publikoak direla, Aldundiak esleituak, eta herritarren zergen kontura ordainduak. Ez da itxurazkoa, beraz, hain modu ziztrinean esleitzea, langileen kaltetan eta zerbitzuaren kalitatearen kalteta".
Bestalde, arau-hauste larriak ematen ari direla eta "zerbitzuko langileak ez ezik, herritarrak orokorrean jartzen dituztela arriskuan" adierazi dute. "Izan ere, helburu bakarra grebaren eragina jendaurretik ezkutatzea da". Azaldu dute errepideak, batez ere Urola-Deba eskualdekoak (N-634), egoera ezin txarragoan daudela (zaborra bide-bazterretan, zoruak egoera txarrean, konpondu gabeko uhinbikoak, luiziak, etab.), eta hori guztia arriskutsua dela gidarien segurtasunerako.
Halaber, Azpiegitura ahaldunaren jokabidea salatu dute, adierazpen eta informazio-eskubideak urratzeari dagokionez. "Apirilaren 5ean jantokian zeuden grebaren orriak zaramara botatzen, bere onetik aterata, harrapatu zuten. Herritarrek hautaturiko kargudun batek horrelako zoroaldiak izatea kezkatzeko modukoa da".