enplegu datuak

5 langabetik 3 emakumeak dira

2024/04/02
Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian. Sinatu diren 4 kontratutik 3 aldi baterakoak izan dira, eta langabeen erdiak baino gehiagok ez du langabezia prestaziorik kobratzen.

Hego Euskal Herrian 142.314 langabe erregistratu ziren martxoan, otsailean baino 732 gehiago eta iazko aldi berean baino 1.172 gehiago. Azpimarratu behar da langabezian daudenen % 58,2 emakumeak direla, enplegua dutenen erdia baino gutxiago diren arren ( % 48). Hau da, langabeziak eragin handiagoa du emakumeengan gizonengan baino.

Langabezia tasa % 11koa da, eta Europarekin alderatuta, langabezia tasa Europako batez bestekoa ( % 6) baino 5 puntu handiagoa da.

Egindako kontratuek aurreko hilabeteetako ezaugarri berak dituzte: prekarioak eta aldi baterakoak. Espainiako ministerioak emandako datuen arabera, aurten sinatutako kontratuen % 75,5 aldi baterakoak izan dira, hau da, sinatutako lau kontratutik hiru aldi baterakoak izan dira.

Enplegurik ez duten pertsonen erdiak baino gehiagok ez du langabezia prestaziorik kobratzen. Langabezian izena emanda dauden pertsonen % 50,6k ez du prestaziorik kobratu, eta soilik %29,3k kobratu du kotizaziopeko prestazioa (batez beste 1.045 eurokoa Nafarroan eta 1.020 eurokoa EAEn).

Enpleguak hilabete batzuk daramatza geldialdian, eta datu hauek joera hori berresten dute berriz ere. Gainera, kontratazio berrien eta enplegurik gabekoen prekarietatea azpimarratu behar da. Horregatik, beharrezkoa da antolaketa eta mobilizazioa, bizi baldintzak hobetzearen alde borrokatzeko.