500 eguneko grebaren ondoren Sabeco-ko langileek akordioa lortu dute

2010/02/19
500 eguneko grebaren ondoren Sabeco-ko langileek akordioa lortu dute
Hamasei hilabete greban egin eta gero, akordio bat egin dute Errenteriako Sabeco-ko langileek eta zuzendaritzak

Lau urterako hitzarmena adostu dute. Gaur egun, urtean 13.113 euro kobratzen dituzte supermerkatuko langileek. Aurten 1.250 euroko igoera edukiko dute, baita hurrengo hiru urteetan ere. Beraz, ituna amaitzerako, urtean 18.118 euro kobratuko dituzte. Hau da, orain baino %38 gehiago. Elikadura sektorearen barruan, kutxetako kobratzaileen soldatekin parekatzea esan nahi du horrek. Gainera, Sabecoko langile guztiek izango dute maila hori, nahiz eta lehen batzuk apalagoa zuten.

Lanaldiari dagokionez, hiru urtean banatuta egingo dituzte jaitsierak. Aurten, hogei ordu gutxiago sartuko dituzte; datorren urtean, beste hogei gutxiago; eta, 2012an, hamahiru ordu gutxiago. Akordioko hirugarren puntua gaixoaldietan jaso beharreko osagarriena izan da. Lanera joaten ez diren egunetan, soldataren %100 jasoko dute langileek, bai gaixoaldia laneko ezbeharren batek eraginda baldin bada eta bai bestelako kasuetan ere. Zubeldiarentzat, puntu hori oso garrantzitsua da, langile gehienak emakumeak direlako.

ELAko arduradun Iñigo Zubeldiak eta Ane Queirugak hamasei hilabete hauen inguruko balantze oso baikorra egiten dute: "Endemikoa den gatazka bat kalera atera eta sozializatzeko gai izan gara: estatu mailako enpresa hitzarmenen aplikazioa. Kasu honetan, gainera, soilik emakumeei ezartzeko propio sortutako hitzarmenak. Ez da kasualitatea 52 grebalarietatik 50 emakumezkoak izatea".