%5eko murrizketa oinarrizko soldatan eta osagarrietan aplikatuko dute, eta administrazio guztietan

2010/05/24
Maiatzak 24- BOEn argitaratu den dekretuaren arabera, iragarritako murrizketa Eusko Jaurlaritzan, aldundietan eta udaletan aplikatu beharko dute

ELAren iritziz, Eusko Jaurlaritzak izan duen jokabidea oso larria da, “ez baita posible dekretuaren xehetasunak ezagutu gabe egotea". Baina, biharko grebarako deialdia ikusita, Eusko Jaurlaritza informazioa manipulatzen ari izan da, eta baita gezurrak esaten ere, iritzi publikoa eta soldataren %5 gabe geratuko diren langileak nahastu nahian.

Soldata-murrizketa eta enplegu publikoaren suntsipena.

Horiek dira gaur argitaratu den dekretuaren bi ardatzak.  Eusko Jaurlaritzak, bere alderik atseginena erakusteko asmoz, esan zuen hemen beste era batera aplikatzeko aukera egon litekeela; baina egiatan ez dago bestelako aukerarik.  Eusko Jaurlaritzak eta hemengo administrazio guztiek ez dute besterik, neurri horiei intsumisioa egitea baino: pausu bat aurrera eman, eta autogobernuaz osoki baliatuz, euskal administrazioetako langileen enplegu publikoaren eta soldaten alde agertu.  Eta horixe da gure eskakizuna.

Argitaratu den dekretuan ezarritakoaren arabera herri-administrazio guztiek (Estatuak, autonomia-erkidegoek, udalek...) %5eko jaitsiera egingo diete beren enplegatuen lansariei. Murrizketa horrek “oinarrizko ordainsariak eta osagarriak hartuko ditu" eta “administrazio guztietan izango da aplikagarri”, dio hitzez hitz dekretuak.