H&M La Morea

6 hilabete daramatzate greban prekarietatearen aurka

2023/06/08
Enpresak negoziazioa blokeatzen jarraitzen du, eta 20 milioi euro dibidenduetan banatu ditu langile gehienek hilean 500 euro kobratzen dituzten bitartean.

La Morea merkataritza guneko H&M dendan 18 langile daude, ELAko ordezkari batek ordezkatuta. Bihar, ekainak 9, 6 hilabete beteko dituzte greba mugagabean, lan baldintzak hobetzeko borrokan. 2009tik soldata izoztuta dute eta erosahalmenaren %25 galdu dute. Horri gehitu behar zaio langile gehienek lanaldi partziala dutela, eta, beraz, 500 euroko soldata dutela.

Aldarrikapen nagusiak, erosahalmena berreskuratzeko soldata igoerez gain, igande eta jaiegunetan irekitzearen aurkako neurriak, partzialtasuna murrizteko benetan lan egiten diren lanaldiak egonkortzea eta online salmentak lanposturik ez suntsitzea dira.

Enpresak negoziazioa blokeatzen jarraitzen du, eta hilabete hauetan aldarrikapenetatik oso urrun geratzen den eskaintza bat baino ez du egin, H&M-ko prekarietatea betikotzea ekarriko lukeena. Denbora honen guztiaren ondoren eta denda itxita eduki arren, enpresak ez du benetako negoziaziorako eta, beraz, gatazka honi amaiera emango dion borondaterik. Bien bitartean, H&M-k 20 milioi euro banatu ditu dibidenduetan.

Horregatik, langileek grebarekin eta mobilizazioekin jarraituko dute, lan baldintzak hobetuko dituen enpresa hitzarmen bat negoziatzera behartzeko.