Elizondoko Benito Menni
60 greba egun bete dituzte murrizketen aurka eta kalitatezko zerbitzu baten alde

2024ko azaroan, Elizondoko Benito Menni zentroa kudeatzen duen Hermanas Hospitalarias enpresak Nafarroako Gobernuaren baimenarekin, zentroak dituen hiru eraikinetako bat ixtea erabaki zuen, zerbitzu publikoa okertzearen kontura enpresaren etekinak handitzeko helburuarekin.
Azaroan gatazka hasi zenetik, enpresak ez du inoiz bildu nahi izan hartutako erabakiek izan dituzten ondorioei buruz hitz egiteko. Gainera, hitzarmen kolektiboa negoziatzeko garaian, enpresak entzungor egiten die langileen aldarrikapenei.
Nafarroako Gobernuari dagokionez, Elizondoko Benito Menni zentroaren egoera larria azaldu zaion arren, ez du ezer egin egoeraren aurrean. Kontuan izan behar da osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei arreta emateko, Nafarroako Gobernuak, Congregación de Hermanas Hospitalarias enpresa bakarrik duela baimenduta, beraz, monopolio baten aurrean gaude. Eta, Nafarroako Gobernuak enpresa bati azpikontratatzen dio zerbitzu hori, eskaini behar duen zerbitzuaren kalitatearen ordez negozioa lehenesten duen enpresa izanik.
Enpresaren eta Nafarroako Gobernuaren jarrera ikusita, langileak 14 greba egun egiten ari dira abuztuaren 25etik irailaren 8ra. Hauekin, dagoeneko 64 greba egun izango dira.
Langileek benetako negoziazioa eskatzen diote enpresari, hartutako erabakien ondorioak aztertzeko eta egoerari irtenbide egokia emateko, eta langileen aldarrikapenak hitzarmen kolektiboan kontuan hartzeko. Ezin da enpresaren etekin ekonomikoa pertsonen zaintzaren gainetik jarri.
Gainera, Nafarroako Gobernuari gai honetan inplikatzeko eskatzen diote. Diru publikoa erabiltzen ari da zerbitzua azpikontratatzeko, eta kalitatezko zerbitzua eta langileentzako baldintza duinak bermatu behar dira, eta ez zonaldea despopulatzen lagundu.
Horregatik, gaur, 60 greba egun betetzen dituzten egunean, elkarretaratzea egin dute Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen Departamentuaren parean.