70 mobilizazio baino gehiago egingo dira Euskal Herrian azaroaren 11n
Etxebizitza sindikatuek, euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek) eta herri mugimenduko hainbat eragilek arratsaldeko mobilizazioetan parte hartzeko eta espekulazioaren eta errentismoaren aurkako greba egunarekin bat egiteko deia egin diote herritarrei.
70 mobilizazio baino gehiago Euskal Herri osoan, arratsaldez
Etxebizitza sindikatuek, euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek) eta herri mugimenduko hainbat eragilek 70 mobilizazio baino gehiago deitu dituzte Euskal Herri osoan, datorren azaroaren 11ko arratsalderako. Egun horretan greba orokorra egingo da, etxebizitza eskubide unibertsalaren defentsan.
Mobilizazioak arratsaldean izango dira, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta lurraldeko hainbat txokotako 70 herri baino gehiagotan.
Etxebizitzaren krisiak okerrera egiten jarraitzen du Euskal Herrian. Prezioen etengabeko igoerak, bizitegi-erabilerarako etxebizitzen kopuruaren murrizketak, etxegabetzeen gorakadak eta etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideen murrizketek gero eta egoera kezkagarriagoa erakusten dute. Bien bitartean, espekulatzaileek eta errentistek inoizko etekin handienak pilatzen dituzte oinarrizko behar baten kontura. Errealitate horrek desberdintasun sozialak areagotzen ditu, pobrezia, ziurgabetasuna eta eskubideen galera hedatuz.
Deitzaileek espekulatzaileak, errentistak eta etxebizitza negozio bihurtu duten eragileak jo dituzte egoera honen erantzule nagusitzat. Hala ere, espekulazioa ahalbidetzen eta sustatzen duten baldintza legal eta ekonomikoak sortzen dituztenen erantzukizun politikoa ere seinalatu dute. Ildo horretan, eskuineko alderdien politikak ez ezik, errentismoari eusten dioten eta jabeen zein espekulatzaileen etekinak babesten dituzten gobernuen politikak ere salatu dituzte.
Euskal Herrian, konplizitate instituzional hori Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta foru-aldundien etxebizitza-politiketan islatzen dela salatu dute. Erakunde horiek etxejabeentzako abalak eta onura fiskalak sustatzen dituztela, alokairurako laguntzak konponbidetzat aurkezten dituztela —azkenean errentisten poltsikoetara iristen diren arren— eta, batez ere, eraikuntza-enpresen eta higiezinen sektoreko enpresen etekinak handitzeko balio duten eraikuntza-ziklo berriak bultzatzen dituztela kritikatu dute. Era berean, udalek etxegabetzeak baimentzen edo gauzatzen jarraitzen dutela salatu dute, kaltetutako pertsonei bizitzeko alternatibarik bermatu gabe.
Egoera horren aurrean, neurri partzialak eta promesa instituzionalak ez direla nahikoa deritzote. Etxebizitza osasuna edo hezkuntza bezala eskubide unibertsal gisa bermatu behar dela aldarrikatzen dute, eta horretarako ezinbestekoa dela espekulazioarekin eta errentismoarekin amaitzea.
Horregatik, azaroaren 11ko greba orokorraren erdigunean hiru aldarrikapen nagusi kokatu dituzte: espekulatzaileen esku pilatutako etxebizitzak desjabetzea, etxebizitzaren erabilera espekulatiboa debekatzea eta etxebizitza zein haren baliabideak gizartearen beharren arabera antolatzea, merkatuaren logikaren ordez.
Deitzaileek azpimarratu dute greba orokorrak arazoaren egiturazko dimentsioa agerian uzteko, egoera horretatik etekina ateratzen dutenak seinalatzeko eta benetako eraldaketak lortzeko balio behar duela. Ildo horretan, Euskal Herriko langile guztiei grebarekin bat egiteko, lantokiak husteko eta goizean hiriburuetan zein arratsaldean hiriburu eta eskualdeetan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete.