hezkuntza publikoa Nafarroa

Nafarroa osoko 80 klaustrok apirilaren 3ko grebari babesa eman diote

2023/03/29
LAB, Steilas, CCOO, ELA eta UGT sindikatuetako ordezkariak, Nafarroako hezkuntza publikoan apirilaren 3ko grebaren deialdia egin zutenak, Hezkuntza Departamentura joan dira gaur, lanuztearen aldarrikapenei Nafarroa osoko 80 klaustrok eman dieten laguntza erregistratzera: ratioak jaistea, lan-karga murriztea, behin-behinekotasuna murriztea eta erosteko ahalmena berreskuratzea.

Deialdia egin duten sindikatuek asteak daramatzate Nafarroako ehunka ikastetxe eta institututan batzarrak egiten. Horietan, irakasleak aktiboki parte hartzen ari dira eta argi utzi dute aldarrikapen horiek gutxienekoak direla. Batzar horien ondorioz, sindikatuek 80 bat atxikimendu erregistratu dituzte gaur, ikastetxeek sinatuak. Klaustro horiek aldarrikapenekin bat egin dute eta Hezkuntza Departamentuari eskatu diote sindikatuekin negoziatzeko.

Hala ere, gogoratu behar da oraingoz Hezkuntza Departamentuak ez duela urratsik egin; argi utzi du ez duela negoziatzeko borondate zintzorik. Bere proposamen bakarra lan-taldeak sortzea izan da. Baina talde horiek, aurreko esperientziengatik, jakina da antzuak direla, eta ez dutela funtsik.

Apirilaren 3ko greba deitu duten sindikatuek negoziatu nahi dute, eta lehenbailehen egin nahi dute. Bien bitartean, datorren astelehenean grebara joanen dira eta irakasleen aldarrikapenen beharra erakutsiko dute ikastetxeetan eta kaleetan.

Greba eguneko mobilizazioen barnean, goizean, elkarretaratzeak egonen dira Altsasun (10:30, udaletxea), Tuteran (11:00, Foruen plaza), Donezteben (11:00, Mendaur), Lizarran (11:00, geltokia), Tafallan (11:00, Nafarroa) eta Iruñean (11:00, departamentua); azken horretara lau zutabe ailegatuko dira, 10:00etan Cuatro Vientosetik, Barañaindik, Mendillorritik eta Txantreatik aterako direnak. Arratsaldean. Iruñean manifestazio bat egonen da, 18:00etan, Gurutze Plazatik aterako dena; sindikatuek Nafarroako gizarte osoari deitzen diote horretara joateko.