85 hildako lan istripuetan

2010/04/27
ELAko ehunka ordezkarik hartu dute parte Iruñako manifestazioan, lanpostuetan segurtasuna aldarrikatuz. Apirilaren 28an. Nazioarteko Lan Osasun eta Segurtasunaren Eguna ospatzen dela-eta. beste manifestazio bat deitu du ELAk, kasu honetan, Bilbon.

Adolfo Muñoz “Txiki”k gogoratu du lan osasun eta segurtasunaren egoera ez da hobetu. 2009an Hego Euskal Herrian lan-istripuz 85 pertsona hil ziren (68 EAEn eta 17 Nafarroan); 49.054 langilek jasan zuten baja eragin zuen ezbeharren bat.
Era honetan, Nafarroako Gobernuaren kezka nagusia betiere ugazaben pribilegioak defenditzea dela gaineratu du, ez legea betearaztea edota lanpostu seguru eta osasungarriak bermatzea. “Egungo egoera gainditzeko borondate politikorik ez dauka. Gobernuaren eta patronalaren artean ez dago inongo gatazkarik, eta interesetan bat datoz guztiz”.
Gai honetan ere nafar gobernuak “elkarrizketa soziala” delakoari ematen dio lehentasuna, eta Laneko Segurtasun eta Osasuneko Kontseilu nafarra haren zerbitzutan jartzen duela ekarri du gogora Mitxel Lakuntzak, Nafarroako arduradunak. “Erakunde honetan dagoeneko bete-betean sumatzen da elkarrizketa sozialeko adostasuna. Kontseilu hau informazioa banatzeko besterik ez da; bere bilerak ordubete eskasean bukatzen dira; ez da eragingarria, formala baizik, eta kritikak, edota adostasunetik aldentzen diren ekarpen edo iritziak (ELArenak kasu) ez dira aintzat hartzen, inondik ere”.
“Arauek besterik badiote ere (lau bilera egin beharra), Kontseilua urtean behin bakarrik biltzen da, eta funtsezko erabaki bat besterik ez da hartzen, CENi, CCOOei eta UGTri lan-arriskuen prebentziorako Fundaziotik etorritako dirua banatzea, prestakuntza arlorako: 2009an aipatutako erakunde bakoitzak 164.000 € jaso du horri esker”, salatu du.
Lan-osasuneko Erakundeak, berriz, Kontseilua gorabehera, Espainiako Lan-osasun eta -segurtasunerako Estrategian ezarritakoa besterik ez du aplikatzen, Estatuan erabakitako politiken zerbitzari bihurtuta.
Baina hori ez da guztia. Nafar Gobernuaren 2010erako aurrekontuan lan-arriskuen prebentziorako 1.532.500 euro bideratu dira, 662.500 Foru-Erkidegoko delegatuentzat eta gainontzeko 870.000 euroak, prebentzio egitasmoetarako.