90 erakunde sozial eta sindikalek baino gehiagok bat egin dute Kapitalari Planto enpresa transnazionalen eta giza eskubideen euskal zentro bat sortzeko egindako proposamenarekin

2022/07/07
Euskal Herriak Kapitalari Planto Plataformak enpresa transnazionalen eta giza eskubideen euskal zentro bat sortzeko egindako proposamenarekin bat egin dute 90 erakunde sindikal eta sozialek baino gehiagok -horien artean, ELAk-. Orain, Eusko Legebiltzarrari helaraziko diote proposamena, eztabaidatu eta onar dezan.

Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak jendaurrean aurkeztu ditu Enpresa transnazionalen eta Giza eskubideen Euskal zentroaren proposamenaren aldeko kanpainaren emaitzak, bai eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko eman beharreko hurrengo urratsak ere, Bilboko La Bolsa eraikinean.
Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak Enpresa transnazionalen eta Giza eskubideen euskal zentroa sortzeko proposamena bultzatzeko kanpaina aurkeztu zuen 2021eko urriaren 21ean. Plataformaren bozeramaileen hitzetan, egitura berri horrek korporazio handiek duten de facto zigorgabetasuna mugatu nahi da izaera autonomoko egitura publiko eta sozial baten bidez, zeinak fiskalizatu, kontrolatu, arautu eta, hala badagokio, zehatuko baititu kanpoan dauden euskal nazioz gaindiko enpresen jarduerak, bai eta EAEn jarduten duen kanpoko kapitalarenak ere.
8 hilabete baino gehiago igaro dira proposamena sozializatu zenetik, hainbat asanbaden, agerraldi instituzionalen eta alderdi politikoekin txandaka egon ondoren, 90 erakunde sozial eta sindikalek baino gehiagok bat egin dute proposamenarekin. Bereziki nabarmendu dute euskal gehiengo sindikalaren babesa, nazio mailako erakunde ekologista eta feminista nagusiak eta GGKEen bi sare esanguratsuenak (Koordinakundea eta Elkartasuna Eraldatuz), beste askoren artean. Era berean, enpresa handietako hainbat batzorde eta atal sindikalek, hala nola CAFek eta INDITEXek, publikoki babestu dute proposamena, eta proiektua abian jartzeak duen garrantzia eta beharra adierazi dute.
Proposamena behin betiko bidaliko zaio Eusko Legebiltzarrari, legez besteko proposamen baten bidez eztabaida dezan. Proposamen hori aurtengo apirilean talde parlamentarioekin egindako bileren azken txandaren emaitza da.