FAMILIA LEGEA

Abenduko aurreproiektuarekin alderatuta dituen atzerapausoak salatu ditu ELAk

2023/03/29
Lege honek aurrerapenak dituen arren, beste neurri batzuk lege honetatik kanpo geratuko dira, hala nola amatasun/aitatasun baimena luzatzea edo guraso bakarreko familien kasuan bi bajak akumulatzeko aukera.

Ministroen Kontseiluak Familien Legearen aurreproiektua onartu du astearte honetan, bigarren irakurraldian, honako neurriekin:

- Bigarren mailarainoko ahaideak eta bizikideak zaintzeko 5 eguneko baimen ordaindua.

- Ordaindutako baimena, berehalako arreta behar duen familiartekoren baten ezinbesteko absentziagatik; lau egunekoa izango da.

- Zortzi asteko guraso baimena, modu jarraituan edo tartekatuta hartu ahal izango dena adingabeak zortzi urte bete arte (baina ez da ordainduko, Europako arauak hala eskatzen badu ere).

Era berean, bi seme-alaba dituzten guraso bakarreko familiak familia ugariekin parekatzen ditu, eta emakume langileek seme-alaba bakoitzeko hilean kobratzen duten 100 euroko laguntza langabeei ere zabaltzen da. Erregistro batean izatezko bikote gisa eratzen diren eta ezkontzen diren bikoteen arteko eskubideak parekatzen dira. Azken horiek 15 egun libre izango dituzte beren egoera formalizatzen dutenean.

Hala ere, elementu garrantzitsuak baztertu dira 2022ko abenduan aurreproiektua onartu zenetik: adbidez, gurasoen betoa. Aurreko arauak zehazten zuen gurasoek ezin zutela mugatu haurrek informazioa jasotzeko eta ikastetxeetan egiten diren familia-aniztasunaren sentsibilizazio- eta zabalkunde-jardueretan parte hartzeko aukera. Elementu hori desagertu egin da.

Teorian, gurasoen betoa ez da legezkoa. Hala ere, eskuineko edo ultraeskuineko alderdiek osatutako gobernuetan, Murtziakoan kasu, ezartzen saiatu ziren, eta hilabete batzuk eman zituen indarrean.

ELAk uste du lege honek aurrerapenak dituela, hala nola kontziliazioan eta familia mota desberdinei aitorpena egitean. Hala ere, kontziliaziorako neurririk eraginkorrena lanaldiaren murrizketa orokorra eta prekarietate-elementuei aurre egingo dien sakoneko lan-erreforma izan behar da, hala nola soldata-arrakalari, partzialtasunari, behin-behinekotasunari, arriskuen prebentzioari eta abarri.