Aberastasuna banatzearen aldeko kanpaina abian

2009/01/27
Aberastasuna banatu” lemapean kanpaina bat jarri du martxan ELAk. Bere aurkezpean, Adolfo Muñoz, idazkari nagusiak adierazi du, krisiaren errudunak gobernuak direla, eta, irabazleak atera direnak, enpresariak eta bankuak.

“Hau argi eta garbi esan beharra dago, ozen, gobernuek ezkutatu nahi dutelako eurak izan direla egoera honetara eraman gaituztenak. Gobernuek hartu zituzten inoiz ikusi gabeko kapital metaketak egin ahal izateko erabakiak, kapitalari arazorik gabe espekulatzen utzi zioten. Orain gertatu dena da gutiziak globoa hustu duela”, azpimarratu du..

Muñozen esanetan “Gobernuek prekarietatea bultzatu eta lagundu dute hartu dituzten erabakien bidez; enpresariei nahierara kontratatu eta langileak libreki kaleratzeko erraztasunak eman dizkiete, oso kostu baxuan. Eredu honetan enpresariek ez dute inolako arriskurik hartzen. Gauzak ondo doazenean, ondo doaz eurentzat, dirua barra-barra irabazten dutelako. Eta, gauzak horren ondo ez doazenean, aukera duten bezain pronto jendea kaleratzen dute, euren irabaziak mantentzeko”.

ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, behin eta berriz errepikatu beharra dago soldatak ez dutela inolako ardurarik egungo egoeran, kapitalari eta enpresariei emandako mesedezko tratuak eragindako krisia dela. Hori dela eta, oso larria da gobernuek berriz ere patronalaren alde kokatzea eta langileei malgutasun eza leporatzea. Hipokresia itzela da hori!

Era honetan, gobernuek eta patronalak egoera baliatu nahi dute beti egin dutena egiteko, adierazi du. Hori horrela ez izatea gure jarduera sindikalean zer egiteko garen gai baldintzatuko du

Amaia Muñoa, idazkari nagusiaren ondokoak azpimarratu du ogasunen zerga politika eskandaluzkoa dela. “Ezin dugu onartu errenta altuenei eta enpresariei dirua oparitzen jarraitzea. Logika eta zentzu guztien aurkakoa da hori, gutxienez hori baldin badago. Ezinbestekoa da gai honetan atzera egitea eta gizartearen beharrak aseko dituen bidezko fiskaltasuna lortzea. Egoera honetan, behar hori are eta garrantzizkoagoa da”

Patxi Agirrezabala, komunikazio arduradunak gogoratu du - Egoera ekonomiko eta sozialaren  larritasuna ikusirik azaroan burututako XII Kongresuan ebazpen bat, aho batez,  onartu zela kanpaina hau martxan jartzeko. Mobilizazio kanpaina ekainaren 5an amaituko da. Bien bitartean, eskualde guztietan mobilizazioak egingo dira eta “Lan munduko notiziak” aldizkari bereziaren milaka ale banatuko dira, besteak beste.

 Lan munduko notiziak. EAE.

Lan munduko notiziak. Nafarroa.