Aberastasunaren banaketa aldarrikatu du ELAk Gasteizen

2009/02/13
ELAk aberastasunaren banaketa bidezkoagoa lortu asmoz martxan jarri duen kanpainaren lehen ekitaldia egin zuen otsailaren 13an, Gasteizen. Ekitaldi jendetsua izan zen; mila lagun inguru bildu ziren Correos Plazan hasi eta Diputazioaren aurrean amaitu zen manifestazioan.

Gasteizko ekitaldiarekin egutegi zabal bati hasiera eman zitzaion. Ekainaren 5a bitartean kanpainak Hegoaldeko bazter guztiak hartuko ditu.
Aberastasunaren banaketaren inguruko eztabaida ia gai tabua bihurtu da gurean. Asko hitz egiten da sortzen den aberastasunaren inguruan, baina ez hori nola banatzen. Gobernu eta patronalak gaia ezkutatzen saiatzen dira. Horregatik, kanpainaren bidez ELAk bi helburu ditu: jendea gai horretaz jabearaztea, eta mobilizatzea.
ELA jakitun eta kontziente da langile jendeak, gure jendea, bizi duen egoera larriaz. 'Aberastasunaren banaketa: lan-errenta altuagoak, gizarte gastu gehiago eta justizia fiskal zorrotzagoa' kanpainak XII. Kongresuan onartu zen ebazpenari jarraitzen dio, eta sindikatuak langileekin duen konpromisoaren adierazgarri da.
Horregatik, Gasteizen bildutako lagunek nahikoa dela esan nahi izan zuten. Egoera honetara ekarri gaituztenen politikak aldatzera behartu behar ditugula nabarmendu zuten, ez dagoelako langile munduaren interesak defendatzeko beste biderik.
Adolfo Muñozek, Txiki, ekitaldiaren amaierako hitzaldian azpimarratu zuenez, soldatak ez dira krisiaren arduradunak, eta egoerari aurre egin ahal izateko gizarte politiken aldaketa sakona eskatu zuen. "Egoeraren ardura gobernuena da, eta mesede atera dutenak, enpresariak eta bankuak. Hau argi eta garbi esan beharra dago, ozen. Izan ere, gobernuak egoera guzti honetan duten ardura ezkutatzen saiatzen dira, behin eta berriz. Eurek hartu zituzten inoiz ikusi gabeko kapital metaketa erraldoiak egin ahal izateko beharrezkoak ziren neurriak. Eurek utzi diote kapitalari nahi adina eta mugarik gabe espekulatzen. Diru-gose horrek globoa lehertu du orain, eta horrek ekarri gaitu gauden egoerara".
Muñozek Madrilgo gobernu ezberdinei egotzi zien egungo langileek bizi dituzten lan baldintza eskasak. "Enpleguaren kalitatea izugarri hondatu da urteen poderioz. Madrilen adostu eta onartu diren lan erreformak behin-behineko kontratazioa bultzatu eta langileen kaleratzea nabarmen erraztu dute. Gobernuak dira gure lan baldintzak hondatu izanaren errudunak".
ELAko idazkari nagusiak Eusko Jaurlaritzaren ardura ere salatu zuen. "Enplegu Erregulazio-Espedienteak bideratzeko modua oso adierazgarria da: herri-administrazioak patronalaren esanetara daude. Akordiorik ez dagoenean ia beti patronalaren aldeko jarrera hartzen dute, itsu-itsu. Sindikatuei informazioa ezkutatzen digute. Hori izugarrizko eskandalua izateaz gain, patronalarekiko duten morrontza adierazten du".