Aberatsenei zergak igotzea, gizarte gastua handitzea eta soldatak igotzea eskatu du ELAk

2011/08/23
Beren funtzioari muzin egitea leporatu die ELAk arduradun politikoei. Gehienen interesak babestu beharrean, herritarrak baztertu eta «gutxiengo boteretsu bati» men egiten dietela, salatu du Adolfo Muñoz “Txiki”, ELAko idzakari nagusiak.

Muñozen iritziz, politikariek beldurra dute neoliberalismoari aurre egiteko, eta, ondorioz, eskuineko politikak nagusitu dira, eta haiek ezartzen dituzte politikako agenda eta edukiak. «Beti norabide berean», salatu du. Egoera iraultzeko, demokrazia sakontzeko eta politika publikoak errotik aldatzeko eskatu die. Funtsean, aberastasuna hobeto banatzeko.
Krisiaren arrazoiak errotik aldatzeko, bestelako neurrien alde egitea eskatu du : aberatsenei zergak igotzea, gizarte gastua handitzea, soldatak igotzea eta lanaldiak txikitzea.

«Premiazkoa da bestelako zerga politika bat, aberatsei emandako oparietan atzera egingo duena», ELAren iritziz. ELAko idazkari nagusiaren arabera, opariak dira azken urteetan aberatsentzat, enpresentzat eta kapitalarentzat onartutako zerga murrizketak.

Horiei guztiei zergak igo behar zaizkiela zuritzeko, aberats baten hitzak baliatu dituzte, Warren Buffetenak; munduko pertsonarik aberatsenetan hirugarrena da hura.  Izan ere, Buffetek aberatsei zergak igotzeko eskatu zion Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari. Sistemaren desoreka erakusteko, Buffetek alderatu egin zituen berak eta bere langileek ordaintzen dituzten zergak: aberatsak %16, eta langileek %36. Buffetentzat, aberatsenei zergak igotzea enplegua sortzeko modua da.

Bestalde, ELAk behin eta berriro esan du aurre egin behar zaiola zerga iruzurrari, gogoratu du. Muñozek salatu du diputazioek ez ikusiarena egiten dutela.

Muñozek ez die alde onik ikusten Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak iragan astean egindako proposamenei. Europako Batasuneko agintariei bankuen eta enpresa handien interesak babestea leporatu die.