"Abertzale eta langile garelako, ez gaude ados" lemapean mila lagunetik gora elkartu dira Bilbon

2007/06/05
ETAk iragarri duen su-etena haustearen erabakiarekin ados ez daudela eta horren gaitzespena adierazteko mila pertsonatik gora elkartu dira Bilbon ELAk deituta. Plaza Biribilean burutu den kontzentrazioaren leloa "Abertzale eta langile garelako. Ez gaude ados" izango da.

ELAren aburuz erabaki hau oker larria da, eta batipat subiranotasunaren aldeko eragileak kaltetzen ditu. ELAren ustetan, herri honek erabakitzeko eskubidea sozialki inposatzeko prozesua zibila eta demokratikoa behar du izan, nahitaez; herritarren borondatea irabazteko asmoa dagoenean indarkeria eta bortxakeriak ez dute lekurik.


Kontzentrazioaren ostean Batzorde Nazionaleko bi kidek, Aintzane Orbegozok eta Luis Fernandezek, komunikatu hau irakurri dute.

Su-etena bukatzearen aurka

ETAk bukatutzat eman du su-etena. Ozen eta garbi adierazi nahi dugu oker larria den erabaki hau gaitzesten dugula:

- Herritarrok elkarbizitzarako dugun eskubidearen oinarriak hausten dituelako.

- Herri bezala erabakitzeko eskubidea bortizkeriarik gabeko prozesu baten bitartez bakarrik bidera daitekelako.

- Subiranotasunaren bidean geroz eta jende gehiago erakartzeko, jendea konbentzitu egin behar delako, eta ez mehatxatu.

- Aldaketa politiko nahiz sozialaren aldeko eragileen lankidetza zapuzten duelako.

- Terrorismo aurkako eta status quo-aren defentsarako itunen aitzakia bihurtzen delako.

- Azkenik, herriak gaitzetsi egiten duelako su-etena eteteko erabaki hori, herriaren eskubideen izenean hartua bada ere. Herriak beste zerbait eskatzen du: indarkeria bukatu eta gatazka politikoa demokratikoki konpon dadila.

Estatu espainolak prozesua kudeatzerakoan izandako zekenkeria, harrokeria eta konpromiso demokratiko eza ez ditugu guk zurituko. Baina horrek ez du estali behar borroka armatuaren zikloari bukaera emateko ezintasuna; are gehiago, gaur eta hemen, inor gutxik defenda dezakeelako borroka armatuaren egokitasuna.

Borroka armatuaren estrategiak bukatu beharra du, beste atzerapenik gabe; denon mesederako eta, nagusiki, egoera alda dadila behar dugunon onerako.