Aho batez onartu da batzorde eragilearen txostena

2008/11/26
Aurrera jarraitzen du azaroaren 26tik 27ra ELA Bilboko Euskalduna jauregian egiten ari den XII Kongresu Konfederala. Orotara sindikatuko 736 delegatu daude deituta parte hartzeko; horiena izango da ELAk datozen lau urteetan eramango duen lan ildoa zehaztearen ardura. Kongresu honetan ELAk Euskal Herriko langileekin duen konpromisoa berretsi nahi du, beste behin; hori dela eta Langileekin leloa aukeratu du.

Goizean Jose Elorrietak kudeaketa txostena aurkeztu du. Arratsaldean, berriz, lau federazioetako eta hamabi eskualdeen arduradunen txanda izan da; guztiek testuari alegazioek aurkeztu zituzten.

Batzorde eragilearen txostena aho batez izan da onartua.

Kongresuko lehen eguna azken 20 urteetan ELAko idazkari nagusi izan den Jose Elorrietari egin zaion omenaldi xumearekin amaitu da.


GOIZEKO KRONIKA

Hasi da azaroaren 26tik 27ra bitartean Bilboko Euskalduna jauregian egingo den ELAren XII. Kongresu Konfederala. Orotara sindikatuko 736 delegatu daude deituta parte hartzeko; horiena izango da ELAk datozen lau urteetan eramango duen lan ildoa zehaztearen ardura. Kongresu honetan ELAk Euskal Herriko langileekin duen konpromisoa berretsi nahi du, beste behin; hori dela eta Langileekin leloa aukeratu du.

Goizean Jose Elorrieta idazkari nagusiak batzorde eragilearen kudeaketa txostena aurkeztu du. Elorrietak gure sindikatuak bizi duen une ona nabarmendu nahi izan du. "Gehiengo oso sendoa eta homogeneoa dugu Euskal Autonomia Erkidegoan; %40,28koa, hain zuzen. Nafarroan izan dugun bilakaera eta aurreratzea ere nabarmenduko nuke, ordezkaritzaren %21,46an kokatzea lortu dugularik. Guretzat emaitza hauek oso adierazgarriak dira, langileek izaera errebindikatzaile nabarmena duen sindikalgintza mota bati babesa ematen diotela agerian uzten duelako".

 "Afiliazioan hazi egin gara. Aurreko kongresuan 104.695 afiliatu ginen, eta orain -irailaren 30eko datuak dira-, 109.318 afiliatu gara. Horrek 4.623ko hazkunde garbia suposatzen du, hau da, %4,42. Emakumeen afiliazioa 35.579tik 40.425era pasa da, %13,62ko igoera garbia. Honek suposatzen du emakumeek gero eta indar gehiago dutela ELAren afiliazio orokorrean, lau urtetan %33,98 izatetik %36,98 izatera igaro direlarik", gaineratu du.

 Elorrietak Antoine d'Abbadie zientzialari lapurtarrak Hendaiako behatokian grabatu zuen esaldi ezagun batekin amaitu zuen bere interbentzioa: ez ikusi, ez ikasi. "Esaldi hori oso egokia da ere gure eredu sindikalerako. Soilik praktikatik ikasten da; soilik ekintza sindikalak ematen digun eskarmentutik atera ditzakegu ondorioak. Soilik ikusten dena ikasten da, eta langileen interesen defentsan noraino eta nola heldu gaitezkeen jakiteko lanean eta saiakeran jarraitu beharra daukagu".

Ekonomiaren gehigarriaren aurkezpena

Jose Elorrietaren interbentzioaren ostean Amaia Muñoa diruzainak gehigarri ekonomikoa aurkeztu zuen. Muñoak nabarmendu zuenez "azken lau urteetan lau puntutan handitu da kuoten pisua diru-sarreren osotasunetik; hau da, gure diru sarreren ia %86a afiliatuen kuotetatik dator. Eta hori oso albiste ona da ELArentat.

ELAk beti eman dio berebiziko garrantzia finantza-autonomiari. Afiliazioaren aldeko haututa egiten dugu gure proiektua autonomia osoz garatu ahal izateko, kanpoko presioetatik at. Autonomia horretan datza gure indarra, ez delako posible patronal publiko zein pribatuarekin borroka egitea mendekotasun eta finantza ahultasun batetik".

 

Batzorde eragilearen kudeaketa txostena

Jose Elorrietaren hitzaldia

Ekonomia gehigarria