Abrasivas Hermes enpresako langileak greba mugagabean

2006/12/11
Abrasivas Hermes enpresako langileak greba mugagabeari ekin diote gaur, abenduak 11. Azpeitiko Landeta poligonoan aurkitzen den enpresa da eta alemaniar jatorria duen Hermes markako lijak manipulatzen dituzte bertan. Langileek azken urteetan izandako lan baldintzen okertzea eta langile baten kaleratzea salatu nahi dute.

Egun 20 langile dituen enpresa da, horietarik 8 produkzio lanetan dabiltza, 2 enkargatu lanak egiten eta 6 komertzial Estatuan zehar sakabanaturik. Besteak zuzendaritzako kideak dira.

Langileoi Gipuzkoako altzarigintzako lan hitzarmena zaie aplikagarri, zeina 2000. urtetik berritu gabea dagoen. Egoera hortaz baliatuz enpresa zuzendaritzak azken urteetan KPItik oso gertu dauden igoera hutsalak aplikatu ditu, hitzarmenak onartzen duen flexibilitatea haunditu du eta apenas ordu murrizketarik egon da; beti ere, baldintza hauek onartzen ez baziren langileren bat botako zuen mehatxupean.

Baina aurtengo hitzarmenaren negoziaketei eutsi aurretik Zuzendaritzak bere hitza hautsi du eta produkziorako makina berri bat ekarri orduko langile bat kanporatu du. Dagoeneko urtea bukatzear da eta zuzendaritzak oraindik ez ditu langileen eskakizunak aintzat ere hartu.

Abrasivas Hermes enpresako langileak “Aski da” esan dute, “garaia da soldata duin batzuen alde borrokan hasteko”.

Hori dela eta langileak greba mugagabeari ekin diote eta egunero konzentrazioak egingo dituzte enpresa atarian "Soldata duin baten alde. Hermes Greban" lemapean.