Aburto eta Erkorekaren lanpostu-zerrendak Lanbideren arazoetakoren bat ere ez du konponduko

2014/12/05
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek adierazi dutenez Aburto eta Erkoreka Jaurlaritzako kideen lanpostu-zerrendak Lanbideren arazoak biderkatuko ditu, egituratik kanpo uzten dituelako programarako kontratatutako langileak.

Sindikatuen agiria:

Hilero diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen kopurua gora doa etengabe, eta orain Lanbideko langileok behartuko gaituzte Aburtoren lanpostu-zerrenda proposamena jasatera… edo batek daki…

Aburto Jaunak, Anibal izango balitz moduan, ahaztezina egingo zaigun arrastoa utzi nahi digu Enplegu eta Gizarte Politiketako sailean… eta LANBIDEN: bera da erakunde autonomiadunaren arduradun nagusia, eta berak ezarri du Marx anaien pasadizoak gogora ekartzen dizkigun lan egiteko modua.

Egia da diru-sarrerak bermatzeko errentak irentsi duela LANBIDEren zeregina baina bihotzerrea Erakunde autonomiadunaren arduradunek eragiten digute.

LANBIDEK KALITATEKO ZERBITZU PUBLIKOA BERMATZEN AL DU?

Ez. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua da, eta LAN BITARTEKOTZA da erakundearen izateko arrazoi nagusia eta, aldi berean, ahulgunea. Beste egiteko guztiek lan-merkatuko bitartekotzari begira egin behar dira (lan-eskaerak sailkatzea, formazioa, lanerako orientazioa…). Halere, enplegu zerbitzu osoa jartzen da diru-laguntzak tramitatu eta kontrolatzeko, eta errekurtso ekonomiko mardulak sektore pribatuari ematen zaizkio.

ABURTO ETA ERKOREKAREN LANPOSTU-ZERRENDAK LANBIDEREN ARAZOETAKOREN BAT KONPONDUKO AL DU?

Ez. Alderantziz, arazoak biderkatuko ditu lanpostu-zerrenda honek, egituratik kanpo uzten dituelako programarako kontratatutako langileak. Langile horiek asumitu, tramitatu eta kudeatu behar izan dute diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarriarekin lotutako espedienteen uholdea, herri honen historian sekula santan ezagutu ez duguna.



NAHIKOA AL DA LANPOSTU-ZERRENDAN JASOTAKO LANGILE KOPURUA?

Ez. Edozein dela ere aztertzen dugun irizpidea langile-multzoa ez da nahikoa. Lanbideko lanpostu-zerrenda % 8 edo % 9ko langabezia-tasa zuen eta Diru-Sarrerak Bermatzeko errentaren 30.000 espediente-kopuru zituen gizartean pentsatuz diseinatu zen. Gaur, langabezia-tasa % 15,21ekoa da, eta tramitatutako espedienteak 65.500 baino gehiago dira.

LANPOSTU-ZERRENDA BALIAGARRIA IZANGO AL DA ENPLEGU-POLITIKA AKTIBOEN HELBURUAK BETETZEKO?

Ez. Izan ere, DBEren kudeaketak eragiten duen kolapsoaren aurrean, Erakundearen zuzendaritzak, Orientatzaileek zein Enpleguko eta Prestakuntzako Teknikariek ere DBEren espedienteak tramitatu ditzaten agintzen du, sinatu gabeko jarraibideen bidez. Horrela enplegu-politika aktiboen helburuak ez dira inoiz beteko.

LEGEA BETETZEN AL DA?

Ez. Eta adibide anitz daude:

Errekurtsoak ebaztea urtebete baino gehiago kostatzen den arren, LANBIDEren zuzendaritzak, aldiro, honako hau eskatzen digu langileoi: batzuek lehenesten dira besteen kaltetan, hala-nola, Arartekoak erreklamatu dituen espedienteen gaineko erabakia ahalik eta lasterren hartzeko aginduz. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea ez da aintzat hartzen, ezta herritar guztion berdintasun-printzipioa administrazioaren ebazpenen aurrean.

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren eskabideen ordena ez da errespetatzen. Zuzendaritzak ezartzen du espedienteen arteko lehentasuna, honako helburu bakarra lortzeko: espedientea ebazteko 60 egunetako epea betetzea, Aburto sailburuak agindu bezala… Trileroen moduan, iruzurra egiten diote euren buruari, milaka eskabide geroratzen dituzte eurek hartutako irizpideen arabera lehentasunekoak ez direlako.

Nork ezartzen ditu irizpideak DBE/EPOren eskaerak onartzeko, eteteko edo ezezteko? LANBIDEren zerbitzu zentralek (sinatu gabe, noski) aldian-aldian bidaltzen dituzte herrietako bulegoetara. Dirudienez, honako printzipioa ezarri nahi dute: “Hauek dira neure irizpideak, gustuko ez badituzu… baditut beste batzuk!”.

LANBIDEKO TRESNA INFORMATIKOAK ERABILGARRIAK AL DIRA?

Ez. Zaharkituta dauden aplikazio informatikoak erabiltzen ditugu, eta zorioneko ordainketa akastunak saihesteko funtsezkoak diren datu-bankuekin ezin dira erkatu: ez Gizarte Segurantzaren alta eta bajekin, ez Enpleguko Institutu Nazionalarenekin, ezta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarenekin ere… Areago LANBIDEren barne aplikazioak ez dira euren artean bateragarriak.

Aburtoren Lanpostu-Zerrendak herriz aldaraziko ditu ehun langile baino gehiago; soldata-jaitsierak ekarriko ditu langile-multzoaren zati handi batentzako; langile batzuon lanbide-karrera hondatuko du eta, aldiz, beste batzuk atzamarrez izendatuko ditu lanpostu onenetan; DBEren kudeaketan anabasa ekarriko du, orain gestionatzen ari diren langileekin aurrerantzean kontatuko ez delako; urte luzez lanpostuak betetzen egon diren ehun langileren egoerari ez dio irtenbiderik emango.

INPOSATUTAKO ETA NEGOZIATU GABEKO LANPOSTU-ZERRENDA honek Madrileko gobernuaren estilo-liburua bete-betean jarraitzen dio, , eta langileon eskubideak murrizten ditu.

Lanpostu-zerrenda honek anabasa handiagoa ekarriko du, posible balitz, LANBIDEren kudeaketan, eta egoera hori herritarrok zein bertako langileok larrutik ordainduko dugu.

Lan-eskarmentua duten langile horiek gabe ezin gara moldatu eta lanpostu-zerrendan hori planteatzea arinkeria eta ausarkeria besterik ez da. Horrela jokatzeak nahaspila handiagoa eragingo du eta erabateko kaosa, hasiera-hasieratik oso gaizki kudeatu den entitatean eta, berez, kudeaketa korapilatsuari aurre egin behar izan dionean.

Oraindik Aburto eta Erkoreka jaunek zuzentzeko aukera dute. Jakintsuena omen da eta.