Aceraliako Zalaingo (Bera) eta Berrioplanoko lantegietako behin-behinekotasunaren inguruko prentsaurrekoa eman du ELAk Iruñan

2004/04/21

ELAk, Nafarroako komunikabide eta gizartearen aurrean, Nafarroako Zalaingo (gaur egun Sociedad Aceralia Tubos S. L. izenekoa) eta Aceralia Tubos Berrioplano ( gaur egun Perfil enfrío Berrioplano izenekoa ) lantegietan, Aceraliako zuzendaritzak duen jarrera agintzailea eta diskriminatzailea salatu nahi du. Zalaingo langileek bata bestearen atzetik jasaten dituzte behin-behineko kontratuak, enpresak behin-behineko kontratazioaren iruzurrezko erabilpena egiten duelarik kasu askotan. Zuzendaritzak egoera hau txalotu eta justifikatzen du, eta ez du inongo lotsarik errentagarritasun ekonomikoa mantentzeko beharrezkoa den malgutasuna dela esateko eta defendatzeko.

ELAri ezinbestekoa iruditzen zaio Nafarroako erakundeei egoera hau jakinaraztea, nafarren ekarpen ekonomikoez (baita Zalaingo eta Berrioplanoko behin-behineko langileenaz ere) bizi baitira. Helburu honekin Lan Ikuskaritzan behar ziren kontsultak egin ditugu, arazoa konpontzeko jarrera baikorrik aurkitu gabe. Langileek banan-bana Aceraliaren zuzendaritzaren aurkako salaketa jartzea izan da eman diguten aukera bakarra. Lan munduan gertatzen diren arau-urratzeak zigortzeko eskuduntza duen erakunde batek, behin-behineko langile ahul batek Aceralia multinazional ahalguztidunari aurre egitea proposatzea argigarria da. Era berean ELAk Nafarroako Gobernuko Industria eta Lan saileko kontseilariaren aurrean salaketa jarri du egoeraren analisi zehatza eginez. Langileendako ez dugula ezer espero erran behar dugu berriro ere.

* SALATZEN DUGU: erakunde publikoen (Lan Ikuskaritza, Industria eta Lan saileko foru kontseilaritza&) ezaxola, utzikeria eta erantzukizuna bere gain ez hartzea.. Jarrera honekin langile talde handi bat diskriminazioa pairatzen ari da, lanpostu duin bat lortzeko eskubiderik gabe. Aceralia taldeak pertsona hauek erabili eta botatzeko material moduan baliatu ditu, eta haientzat irabazi ekonomiko handiak lortzeko aprobetxagarriak dira bakarrik. Bertzalde, argi dago langileak ez direla inoiz ere irabazi hauen onuradunak izanen.

* SALATZEN DUGU: Aceraliako zuzendaritzak kontratazioaren inguruan azken urteotan Zalaingo eta Berrioplanoko lantegietan burutu duen gestioa. Egoera hau dela eta gaur egun.

ZALAIN:
- Langile guztien artean %25,51k behin-behineko kontratua du.
- Finkoak diren 40 lanpostuetan behin-behineko kontratua duten pertsonak ari dira lanean.
- 2003. urtean 500 langileen artean, behin-behinekotasunaren errotazioa 200 pertsonena izan zen.
- 2003an 60 pertsona baino gehiagok 10 urte zeramatzaten kontratuak bata bestearen ondotik lotzen, horien artean 23k, 16 eta 20 urte arteko antzinatasuna zutelarik.
- Pertsona hauek bere laneko bizi osoa edo gehiena Aceraliari lotuta dute, eta kasu batzuetan 50 urte baino gehiago dituzte.

BERRIOPLANO:
- Langile guztien artean %21,73k behin-behineko kontratua du.
- Finkoak diren 25 lanpostuetan behin-behineko kontratua duten pertsonak ari dira lanean.

* SALATZEN DUGU: Condesa taldearen egoera, Sociedad Aceralia Tubos S. L. eta Perfil enfrío Berrioplano (Zalain eta Berrioplano)en jabe berria, kontratazioaren ataleko oinordetza jasoko duelako. Condesak ez du egoera hau sortu, baina lehenbailehen konpondu beharko luke. Kontutan hartu behar dugu behin-behinekoen taldea ahulagoa izanik, eta murrizketak eman beharko balira, enpresak egoera hau aprobetxatu nahi izatea. Argi eduki dezaten ELArentzat pertsona hauek eskubide osoko langileak direla, eta ondorioz, hainbeste urtez gogor lan eginda gero irabazita dituzten lanpostuen defentsan bereziki zorrotzak izanen garela. Hilabete honetan 13 ebentualen kontratua ez berritzea eta kitatzea sortu duen egoerak Zalainen, ELA publikoki salatzen ari dena, argi eta garbi erakusten du kontratazio politikak, honelako erabakien aurrean, langileak babesik gabe uzten dituela.

ELAtik enpresan ordezkaritza duten gainontzeko sindikatuei dei egiten diegu hemendik aitzin hurrengo enpresa hitzarmenaren negoziazioa seriotasunez eta zorroztasunez prestatzen hasteko. Enpleguaren inguruan jarrera sendoa izan behar dugu eta gure helburua iruzurrarekin eta ebentualtasunaren neurrigabeko erabilpenarekin akabatzea izan behar da.