"Adegi da negoziazioa blokeatzen duena, xantaia egiteko" ELAk Adegiri erantzun dio

2005/06/09

"Gipuzkoan hainbat hitzarmen kolektibo ixteko aukera blokeatzen duena Adegi da, eta ez ELA", esan du Adolfo Muñoz, Txiki, ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak, Jose Martin Echeverria Gipuzkoako enpresaburu elkarteko lehendakariak egin zituen adierazpenei erantzuteko. Echeverriaren arabera, ELAk "enpresetako giroa eta egonkortasun soziala erabat nahasten du", eta merkataritza zein zerbitzuetako sektoreetan akordioak ezinezko egiten ditu.

Muñozek dioenez, Adegiren helburua "langileen lan-baldintzak okertzea eta sindikatuei, batik bat ELAri, xantaia egitea da, hitzarmenak baldintza onartezinetan sinatzera behartze aldera".

Hain zuzen, ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak gogoratu zuenez, "Adegik ez ditu hitzarmenak sinatzen, ezta gehiengoa osatzeko ELA beharrezkoa ez den mahaietan ere" (merkataritzako 10 hitzarmenetatik 7 dira egoera honetan).

Adolfo Muñozek enpresaburu elkarteari "probokazio hutsa diren jokabideak" izatea egotzi zion, adibidez "ez baititu hitzarmenak iraunaldi osoan aplikatu nahi (eragin erretroaktiboa), akordioak lortzeko atzerapenak bere mesedetan baliatzeko". Gainera, esan zuen Muñozek, "Gipuzkoan Adegik kudeatzen ez dituen hitzarmenak sinatzen ari gara; aitzitik, Adegik hitzarmena bere esku duen kasuetan negoziazioa geldirik dago. Ugazabek negoziazioa blokeatu nahi dute".

Azkenik, Txikiren iritziz "kontratu egonkorra delakoa, Adegik kaleratze librea mozorrotzeko erabiltzen duen izen bat besterik ez da: kaleratze merkea, enpresaburuaren nahierara erabakitakoa eta epaileen kontrolpean izango ez dena".