ADEGI-k uko egin dio beste behin lanaldiaren murrizketari Gipuzkoako metaleko negoziazioetan

2007/03/20
Martxoaren 20an Gipuzkoako metalean hitzarmena lortzeko bosgarren bilera egin da. ADEGIren blokeoa gainditu nahian, ELAk plataforma aldatu du, ea horrela, ADEGIk azken bileran enpleguari eta lan-osasunari buruz planteatu zuenari erantzunez, aurrera egiten dugun:

ENPLEGUA: Sektoreko enplegua egonkorrago bihurtzen sustatzea. Aldi baterako kontratuei %10eko muga jartzea, Aldi Baterako Laneko Enpresen bitartez egindakoak barne. Enpresen betebeharrak:

-%10etik gorako aldi baterako kontratuak mugagabeko kontratu bihurtzea.

-Aldi baterakoak mugagabeko bihurtze hori hitzarmenaren indarraldiaren barruan egin behar da. Muga hori gainditu ahal izateko, langileen legezko ordezkariekin adostu beharko da, aldi baterako kontratuak amaitu bezain laster, eta besterik gabe, mugagabeko kontratua egingo delako konpromisoa hartuz.

-Aldi baterako kontratua bukatutakoan, jasotako lansari gordin guztien %5eko kallteordaina kobratzea; non eta ez den mugagabeko bihurtzen.

-Aldi baterako kontratuz bete den postuaren pareko edo beheragoko postua betetzeko ezin izango da beste inor kontratatu, aldi baterakoari berritu ez bazaio.

LAN OSASUNA: Enpresek aurrezaintza-ordezkariei jakitera eman behar dietena, hobeto egitea:

-Kontratatu den aurrezaintza-zerbitzua zein den jakinaraztea, eta izenpetu den kontratuaren kopia ematea.

-Langile bakoitzari egin beharreko azterketa medikoak.

-Plataforman berdin geratu diren gaiak: 2007. urterako indarraldia, soldata-igoera KPI+%2, 12 orduko murrizketa urtean, GEROArentzako ekarpena %2’25 alde bakoitzetik, txandako kontratua enpresa guztietan aplikatzea, Aldi Baterako Ezintasunean soldata-osagarriak.

ADEGIk argi eta garbi erantzun du. Adierazi digu bi baldintza hauek ez badira onartzen. Hitzarmena bukatutzat eman daitekela:

-Ordu murrizketarekin ez duela Hitzarmenik sinatuko.

-Ebentualitatea ez duela mugatuko.

ELAren iritziz, plataforman jasotako eskakizunak guztiz onargarriak dira. Orain, ADEGIren txanda da. Hitzarmena negoziatzeko benetako borondatea baldin badu, ea proposamen egokiak egiten dituen, sektoreak duen oparoaldiarekin bat datozenak. Horrela bakarrik egingo dugu aurrera.

ELAk, bere aldetik, eduki mamitsuak eskatzen jarraituko du negoziazioetan, bai probintziako hitzarmenean, bai enpresa-mailako negoziazioan.

Hurrengo bilera martxoaren 27an, 10:00etan, egingo dugu.