Adegik Madrileko erreformaz baliatu nahi du Metaleko hitzarmena erasotzeko
Esan behar da Gipuzkoako Metaleko Enpresarien Federazioak ere bere sostengua eman diola plataforma horri, non erabateko aldaketa proposatzen den Gipuzkoako metaleko negoziazio kolektiborako. Haren arabera Gipuzkoako Metal Hitzarmenak gehienezko edukiak izango lituzke; eta, presio- zein greba-neurriak debekatuz, de facto enpresa-mailako itunak eta hitzarmenak negoziatzea trabatuko litzateke.
ELAk oso gaizki deritzo Adegiren eta Enpresaburu Federazioaren jarrerari. Berriz ere, hitzarmen murriztua eta eduki duinik gabekoa proposatu digu. Bere asmoa Gipuzkoako metalgileen lan-baldintzak apaltzea da; eta horretarako, Madrilgo erreformez eta Estatuko metal-hitzarmenaz baliatuko da, enpresetan negoziatzeko debekuarekin batera. Adegik Gipuzkoako Metal Hitzarmena desagerrarazi nahi du, orain arte ezagutu izan dugun bezala behintzat; hau da, eduki duinak izan dituena, eta Gipuzkoako enpresetako negoziazioetan eduki horiek hobetzeko aukera eman duena.
ELAn jarrera irekia dugu, sektoreko langileen oraingo baldintzak mantendu eta hobetzeko akordioa lortzeari begira. Gero akordio hori Gipuzkoako enpresetan zehaztu eta hobetu ahal izango da, orain arte egin izan den bezala. Adegi Gipuzkoako negoziazio kolektiboaren egitura aldatzen tematzen bada, sektorean piztuko den gatazka-giroaren errudun bakarra bera izango da.