Gipuzkoako Metala

ADEGIk Arabako eta Bizkaiko metalgintzako hitzarmenen edukiak inposatu nahi ditu

2023/03/01
Gipuzkoako metalaren negoziazio mahaiko hirugarren bilera izan da gaur eta ADEGI patronalak errepikatu du prest dagoela CCOO, LAB eta UGT sindikatuek Arabako eta Bizkaiko hitzarmenetan onartutako edukiak adosteko, enpresentzat onak direlakoan. ELAk uste du patronalak lurralde horietan adostutako eduki txikiak inposatu nahi dituela Gipuzkoan eta ez ditu onartuko. ELAk sindikatuen batasuna edukiekin bultzatuko du.

ELAk negoziazioaren testuingurua azpimarratu du bileran. Izan ere, 2022an, Gipuzkoako industriako enpresen salmentak % 14 handitu dira, eta KPIa, berriz, % 6,1era igo (elikagaiak % 15etik gora daude). Euriborraren igoerak hipotekatutako pertsonak pobretzen ditu, gainera, bankuei modu eskandalagarrian mesede eginez.

ADEGIren proposamena honako hau izan da:

  • Lau urteko indarraldia hitzarmenarentzat.
  • Ez du igoerarik zehaztu, baina tauletako soldatetan 2026ko abenduaren 31n soldatak KPIaren arabera eguneratuko direla adierazi du.
  • Soldata errealetan, CCOOk, LABek eta UGTk Bizkaiko metalean adostutako gutxieneko bermearen formulak planteatu ditu, eta beraz, egungo hitzarmenaren idazkera nabarmen okertzea proposatu.
  • Lanaldi murrizketari ekiteari uko egin dio, Arabako eta Bizkaiko lanaldia zabalagoa dela argudiatuta.
  • Lan istripuetako eta lanbide gaixotasuneko bajak osatzeari uko egin dio.
  • Lizentzietan ez da hobekuntzarik planteatu, arlo horretan hainbat legetan hobekuntzak gertatzen ari direla argudiatuz.
  • Malgutasun orduak egungo 65 orduetatik Araban eta Bizkaian adostutako 100 orduetara igotzeko interesa agertu du.
  • Absentismoari buruzko kezka azaldu du.

ELAren ustez, planteamendu horiek sektoreko errealitatetik kanpo daude, langileen ahaleginari esker azken urteetan oso egoera positiboan baitago.

Era berean, ELAk positiboki baloratzen du gaur LABek adierazitakoa, hau da, “egun Bizkaian adostutako edukiak ez direla nahikoak Gipuzkoan”. Sindikatuaren ustez, hori da sortutako aberastasuna banatzeko eta metalurgikoen bizi kalitatea hobetzeko hitzarmena lortzeko bidea.