ADEGIk atzera-egin eta Ohiz Kanpoko Batzordean GEROAra “behin-behinean” aportatzen jarraitzeko gomendatuko duela iragarri du
Gaur goizean GEROAren ohiz kanpoko Batzordea bildu da berriro, ADEGIk eskatuta. Bileran zalantza juridikoak daudela onartzeaz gain patronalak orain egun batzuk enpresarioei aportazioak ez egiteko emandako gomendioa atzera botako duela jakinarazi du, gutxienez epe jakin baterako. Gogoratu beharra dago txosten ezberdinen arabera enpresek ekarpenak egiten jarraitu behar dutela, metaleko hitzarmen sektorialaren iraunaldia amaituta ere. Aipatu txosten hauek abokatu-bulego ezagun batek eta Eusko Jaurlaritzak egindakoak ziren.
Gaurko batzordean, berriz, bufeteko txostenaren zuzenketa bat aurkeztu da; aipatu beharra dago bufeteak patronalarekin lotura estua duela. ELArentzat oso arraroa da horrelakorik gertatzea: ez da oso ohikoa aurrekoa bezain txosten argiari sakoneko zuzenketak egitea. Ziur gaude ez dela kasualitatea orain bufete horrek esatea ADEGIk hilabeteetan errepikatu duena, hasierako txostena aldatuz. Ez da oso argia izan behar atzean zer dagoen jakiteko.
ELAk Gipuzkoako enpresarioen elkartearen fede txarra eta joko zikina ere salatu nahi ditu: patronalaren helburu bakarra lan erreforma bere osotasunean erabiltzea da, baita GEROAko eredua aldatzeko ere. Beste behin patronalak bere izaera autoritarioaren adibide garbiak eman ditu gaur goizeko bileran, lehenengo momentutik alde patronalean duen hegemonia baliatuz gobernu batzordearen erabaki eta erritmoak baldintzatzeko.
ADEGIk egin duen proposamena hurrengoa da: aportazioak egiten jarraitzearekin batera GEROAren oraina eta etorkizuneko lana eztabaidatuko duen komisioa sortzea; hori bai, komisio horrek gehienezko epe bat izango luke bere eginbeharrerako. Beste behin ADEGIk eztabaidak eta gehienezko epeak inposatzeko ahaleginetan dabil, GEROAren parte baten %100eko duenaren pribilegioa erabiliz. Negoziatzeko borondate gutxi erakusten du komisioa definitu aurretik –osaketa, landu beharreko gaiak, bileren egutegia...– honakoa dioen parte batek: “data jakin baterako akordiorik ez badago nahi dudana egingo dut”. ADEGIren proposamenak, beste behin, CCOO eta UGTren aldeko bozak izan ditu.
ELAk GEROAren egungo egoera aztertuko duen komisio hori sortzearen aldeko prestutasuna agertu du, lanean hasteko haserako data bat proposatuz, baina lan horiek amaitzeko data bat inposatu gabe; LABek ELAren proposamenaren alde bozkatu du.
ELAk GEROAren aldeko jarrerari tinko eutsiko dio, eta ekintza sindikala zein bide juridikoa erabiliko ditu langileei zor zaien eskubidearen alde; helburua orain arte bezala ekarpenak egiten jarraitzea da. Halaber, enpresario gipuzkoarrei dei egiten diegu ekarpenak egiten jarrai dezaten.