Adegik ez du nahi Gipuzkoako metalgintza alorreko hitzarmena enpresa guztietara zabaltzea

2012/04/17
Gipuzkoako Metalgintza Hitzarmenaren Negoziazio Mahaiak 9. bilera egin du gaur. Adegik ezetz erantzun dio ELAren proposamenari, eta Gipuzkoako lan hitzarmena, jatorrizko egitura gordez, enpresa guztietara zabaltzearen aurka azaldu da.

 

Adegik ezetz erantzun dio testu bat adosteari, hau da, Gipuzkoako Metalgintzaren oraingo Hitzarmenaren edukia bermatzen eta babesten duen testua adosteari. ELAk  aurreko bileran Negoziazio Mahaiari aurkeztu zion testuak negoziazioetan hasteko bidea ematen zuen, lan-erreformaren ondorioak alde batera uzteko abiapuntua harturik. Helburua Gipuzkoako Metalgintzaren oraingo Hitzarmenaren edukiari eustea da, lan-baldintzetan atzera egin gabe. Hitzarmenaren jatorriko egitura gordez, Gipuzkoako Metalgintzako enpresa guztietan derrigorrezkoa, eta gutxieneko edukiak dituela.

Baina Adegik ez du negoziazioa hasi nahi izan, nahiz eta baldintza bakarra Gipuzkoako Metalgintzaren oraingo Hitzarmena errespetatzea izan.Adegik berriz erakutsi digu bere eitea. Nagusikeriaz, elkartasunik ezaz eta dirugosez jantzitako patronala da. Ez du konpromisorik hartu nahi Gipuzkoako gizartearekin. “Estatusa-abantailak-etekinak” hirukotea kosta ahala kosta mantendu nahi du, nahiz eta horren ondorioz gipuzkoarren bizimodua txirotu eta lorrindu.

ELAtik bultzatu eta bultzatuko dugun hitzarmena murrizketarik gabekoa, gutxieneko edukiekin eta aplikazio orokorrekoa izango da. Hitzarmen horrek baldintza duinak bermatu behar dizkie metalgile gipuzkoarrei, eta Gipuzkoako Metalgintza babestu lan-erreformaren zentzugabekerietatik.

Horregatik, ELAk dei egiten dio jendaurrean Adegiri, hartu behar duen erabakiaz gogoeta egiteko. Adegik, Gipuzkoako ugazaben elkargo nagusiak, erantzukizunik handiena izango du negoziazioan, eta azaldu behar du jendaurrean zeren alde egiten duen apustu: lan-erreforma aplikatzearen alde ala hitzarmena berritzearen alde. ELAtik premiatzen dugu negoziatzera eta akordioak lortzera; bestela, Gipuzkoako Metalgintzako enpresa txiki, ertain eta handietan piztuko den gatazka-giroaren errudun bakarra Adegi izango da.