ADEGIk Gipuzkoako lan istripuen inguruan egin duen irakurketa partziala eta interesatua da

2007/04/23
ELAko lan osasun arduradun Janire Dominguezek gogor salatu ditu apirilaren 23an Adegik Gipuzkoako lan istripuen bilakaerari buruz egindako adierazpenak. "Gurean gertatzen den ezbehar kopuru ikaragarria ikusita onartezinak dira horrelako adierazpenak. Datuak aztertzeko orduan ez da bidezkoa hartutako denbora tarte laburra eta ez aitortzea datuak egoeraren araberakoak direla".

Janire Dominguezek azpimarratzen duenez, datuek agerian uzten dute Gipuzkoan gertatzen diren lan ezbeharren bilakaera ez dela ona, eta ez dagoela baikor izateko inolako arrazoirik. Horren lekuko dira datuak. 2007ko lehen hiru hilabeteetan 8 lagun hil dira Gipuzkoan lanean ari zirela. Joera hau mantenduz gero, urte amaieran lanean hildako lagunen kopurua 2006. urtekoaren oso antzekoa izango litzateke.

"Adegirenak bezalako adierazpenak helburu bat dute: enpresariek lan ezbeharretan eta lan osasunean duten erantzunkizuna ezkutatzea. Prekarietateak, (azpikontratazioa, behin-behinekotasuna), lan erritmo altuak, prestakuntza faltak, lan segurtasun neurrien gabeziak, lanaldi amaigabeak, lan segurtasunari lotutako legedia ez betetzeak…. Horrek guztiak xede bat dauka: urtez urte patronalaren irabaziak handitzea langileen kontura", azpimarratu du Dominguezek.

Azkenik, lan ezbeharraren arrazoiak ez direla jorratzen nabarmendu du. "Lan istripuek erantzule argiak dituzte, baina ez da horren aurka deus egiten. Patronalak bere nahierara ibiltzen da, zigorgabe. Zalantzarik gabe, Administrazioak patronala zigorrik gabe aritzea ahalbidetzen du".