Adegik Gipuzkoako metaleko hitzarmena bertan behera utzi nahi du

2010/09/22
Adegik Gipuzkoako metaleko hitzarmena bertan behera utzi nahi du
Adegik metaleko mahai negoziatzailea apurtu du. Horrekin metaleko hitzarmena berrituko duen akordio batetara iristeko bere borondate eza erakutsi du. Adegik ezinbesteko baldintza bezala jarri du ELA eta LABek 9 egunetako greba deialdia bertan behera uztea.

Patronalak hilabete luzeak izan ditu negoziatu ahal izateko inongo greba deialdirik gabe eta ez du inongo aurrerapenik aurkeztu. Mahai negoziatzailea apurtzeko greba deialdien aitzakia erabiltzeak patronalaren argudio eza agerian uzten du. Penagarria da Gipuzkoako patronala mahaian ordezkaritza zorrotzagoa ez izatea.

Maiatza eta ekaineko lau greba egunetako deialdiaren arrakastak Adegi  negoziazio mahaian mugimenduak egitera behartu du. Gainera patronalak bazekien oraingo greba egunak are eta arrakastatsuagok izango zirela. 

ELArentzat Adegiren mugimenduak ez dira nahikoak. Adegiko ordezkariek seriotasun falta hartu dute ikurtzat eta bileretan aurrez esandakoarekin kontraesanetan jarri dira.

ELAren ustez Adegiren helburua errealitatea desitxuratu eta informazioa ukatzea da. ELAk oso larritzat jotzen du Adegik mahai gainean jarri duen planteamenduaren larritasuna: Gipuzkoako lan hitzarmena indarrik gabe utzi eta estatu mailakoagatik ordezkatu.

Azken egunotako bileretan gertatu dena langileei azaltzeko asmoz, ELA eta LAB sindikatuek irailaren 27 eta 28rako deituta zituzten greba egunak bertan behera uztea erabaki dute. Era berean 28rako mahai negoziatzailea deitu du.

Ahalegin honekin negoziazio bideak garatu eta hitzarmen duin bat lortzeko asmoa du ELAk.

Honekin batera, ELAk garbi utzi nahi du urria eta azaroko zazpi greba egunen deialdia mantentzen dela, eta inongo aldaketarik emango ez dela deialdietan ahalik eta hitzarmen duin bat lortu arte.

Gipuzkoako metalean lanean dihardutenak azken urteotan bere lan baldintzen aurka izandako eraso bortitzenaren aurrean daude. Lan erreforma, ultra-aktibitatea mugatzen duen negoziazio kolektiboaren erreforma, estatuko metaleko hitzarmen berria eta Adegiren planteamenduek enpresetako hitzarmenak hutsitzeko, guztiek erantzun sendoa merezi dute.