ADEGIren jarrera Gipuzkoako zahar-etxeen sektorean onartezina da

2013/02/25
ADEGI patronalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte-Politikako departamenduari errekerimendu bat bidali dio hitzarmenaren inguruan egin duen proposamena berehala erretira dezan, eta publikoki onar dezan bere eginkizunetatik haratago joan dela; hau lehen urratsa litzateke, administrazioarekiko errekurtso bat sartu aurretik.

ELAk ADEGIren jarrera eta jokabidea salatu nahi du, baita bere helburuak ere. Patronal honek berriro agerian utzi du langileen baldintzak zer gutxi axola dioten. Bere apustua prekarietatea hedatzea da eta lan-legeen zein negoziazio kolektiboaren erreforma muturreraino aplikatzea. ADEGIK helburu bakarra du, etekinak gehitzea, horretarako egoitzen sektoreko langileen soldatak eta baldintzak hondatu behar baditu ere. Datu esanguratsua ahazten du, haatik: kudeaketa pribatua duten egoitza hauetarako finantziazioaren %87 Aldundiak jartzen du. Beraz, patronalaren jarrera lotsagarria da.

Oraingoan ADEGIk hanka sartu du eta kareta kendu du. Gizarte-Politikako departamenduaren eskaintza mespretxuz hartu du, aitzindari izan nahi baitu kapitalaren mesedetako politika neoliberalak ezartzerakoan.

Bestalde, gure babesa adierazi nahi diogu Gizarte-Politikako departamenduari eta bere ardura duen Ander Rodriguez diputatuari; egin duen eskaintza egokia dela uste dugu, eta irtenbideak bilatzen laguntzeko prest gaude, ADEGIren moduko jarrerak Gipuzkoako gizartean nagusitu ez daitezen.