Adierazi EHk deitutako manifestazioaren debekua salatu du ELA

2010/09/09
ELAren ustez ezin onartuzkoa da Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak hartu duen erabakia, Adierazi EHk irailaren 11rako Bilbon deitu zuen manifestazioa debekatzea; deialdi horrekin bat egin zuen gure sindikatuak.

Epailearen erabakiak urratu egiten du herritar eta erakunde askoren manifestazio eta parte hartze politikorako eskubidea; herritar eta erakunde horiek euskal gizarte guztiarentzat

aldarrikatu nahi zituzten hain justu eskubide eta askatasun horiek, nazioarteko adierazpen eta itunetan jasota daudenak.

Are larriagoa da, baina, Auzitegiaren ebazpen honen atzean Rodriguez Zapateroren gobernuaren bultzada politikoa egotea; izan ere, autoak hitzez-hitz errepikatzen baitu ekitaldia debekatzeko eskatu zuen salbuespen-auzitegiko fiskalburuaren idatzia. Hau deitoratzekoa da, itxuraz estatuko eragilerik atzerakoienek erabakitzen baitute euskal agertokian nola jokatu.

Hori dela-eta, ELAk berriro luzatzen dio Espainiako gobernuari joan den igandean egindako eskaria, hots, “bere egungo politika berrikusi” dezan eta distentsioa sendotu, “bakera eta normalizazio politikora lagunduko duten beharrezko erabakiak hartuz”. Hau zentzuzkoa da, beharrezkoa, eta gizarteaz gainera gatazken konponbidean nazioarte mailako hainbat pertsona eta erakunde ezagun eskatzen ari da. Normalizazio egoera hori lortzeko lanean ari da, gainera, gure herriko borondate oneko jende asko lanean, oraindik ere indarrean dagoen itun antiterroristak ezartzen dituen oztopoak gorabehera.

ELAk eutsi egingo dio Euskal Herri osoan talde eta pertsona ororen giza-eskubide, eskubide politiko eta zibilak aldarrikatu eta defenditzeko bere konpromisoari.