Administrazio autonomoko euskararen normalkuntzarako III. planaren inguruan
ELAk gaur komunikabideen bidez ezagutu du Eusko Jaurlaritzak Euskararen Normalkuntzarako III. Plana onartzeko erabakia hartu duela. Sindikatuak honakoa adierazi nahi du horri buruz:
1.- Plan hori ez dute sindikatuekin negoziatu. Negoziazio-mahaian testu itxia eman ziguten, eta administrazioak ez du sindikatuok luzatutako proposamenik aintzat hartu, besteak beste gazteekin lan egiten duten langileen euskalduntzeari eman beharreko lehentasuna (ikastetxeetaz ari gara); unitate elebidunak funtzionatzeko behar diren bitartekoak jartzea; administrazioan lan egiten duen jendeak euskara ikasi eta menperatzeko aukera izatea, horrela hizkuntz-eskakizun handiagoak izan ditzan; euskara jakiteko beharra administrazioko kargu politikoei ezartzea (herritarrek eskalako maila guztietan baitu hautatzen duen hizkuntza erabiltzeko eskubidea); nahi duen langile orori euskara ikasteko modua erraztea.
2.- Administrazioak aurreko Planaren emaitzari ez zion bat ere ongi iritzi. Eta ordezkaritza sindikal honen iritziz, berriz, planaren eduki bakarra langileek hizkuntza-eskakizunak lortzeko bete beharreko datak ezartzea izan da. Alabaina, ez da euskara lanerako tresna bihurtzeko ezer egin, ez baitira horretarako unitate elebidunak eratu (hau aurreko planean ere jasota zegoen). Lau urte igarota, ezin esan euskara gure administrazioan gehiago erabiltzen denik, eta are gutxiago giroa euskaldunagoa denik.
ELAren aldarrikapena zera da, administrazioa zinez euskalduntzea, herritarrek administrazioarekin harremanak nahi duten hizkuntzatan izateko aukera benetakoa izan dadin. Baina hortik oso urrun gaude, gaiari ez baitzaio taxuz heltzen. Beldur gara, eta horrela adierazi diogu administrazioari, III. Planak "orain onartuagatik urte eta erdi indarrean dagoena", aurrekoaren bidetik ez ote duen jarraituko, eta azkenik lortu beharreko helburuetara iristea ezinezko izango den.