EAEko justizia
Administrazio orokorreko baldintzekin parekatzeari Eusko Jaurlaritzak uko egin ondoren, astelehenan mobilizazioak hasiko dira

Gasteizen, Donostian eta Bilbon egindako asanbladen ondoren eta Eusko Jaurlaritzak parekatzea negoziatzeari uko egin dioenez, ELAk eta LABek EAEko Justizia alorreko greba deialdiari eutsi diote. Ia 2.500 langile daude deituta, eta lanuzteekin hasiko dira astelehean, apirilaren 17an, 10:00etatik 12:00etara; hala jardungo dute maiatzaren 2a arte. Apirilaren 19an, berriz, egun osoko greba egingo dute.
Administrazio Orokorretako eta Justiziako langileen arteko aldearekin amaitzea eskatzen dute. Izan ere, alde hori urteko soldataren %13koa da. Aldarrikapen historikoa izanagatik ere, Jaurlaritzak muzin egiten dio. Era berean, Genero Indarkeriaren Epaitegietako (bai bakarrak, bai mistoak) langileentzako ordainsari osagarri bat eskatzen da, epaitegietako lanaren berezitasunak kontuan hartuta. Horrekin batera, neurri ekonomikoak eskatzen dira klase pasiboetako langileen eta araubide orokorreko langileen erretiro pentsioen artean dauden alde handiak arintzeko.
Aldi berean, EAEko Justizia Administrazioko lanpostuen balorazioa eskatzen dute sindiaktuek. Balorazio horretan lanpostu ezberdinen soldatak ezarriko dira, bakoitzaren eginkizunak kontuan hartuta eta baloratzeko araudi egokitua erabiliz. ELAk irabazitako epaien ildotik, horiek betearazteko eskatu dute.
Gutxieneko zerbitzuak ezartzeko Eusko Jaurlaritzarekin izandako bilera baten ondoren ere ez da akordiorik lortu gai horretan. Izan ere, Sailak planteatutako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak dira, eta greba eskubidea urratzen dute.
Mobilizazioei hasiera emateko, langileei dei egiten diete Donostiako Epaitegien aurrean (Teresa Kalkuta plazan) 10.00etan egingo den kontzentraziora gerturatzera.