"Administrazioak bestaldera begiratzen du"

2005/09/19

Lan istripuak gora egin dute azken sei hilabeteotan. Epe horretan 71 langile hil dira lan istripuetan Euskal Herrian, iaz baino %58 gehiago. Egoera honekin administrazioak patronalarekiko behin eta berriz erakusten duen konplizitateak zer ikusi handia du, Luis Miguel Saez Huiti, ELAko osasun eta segurtasun arloko arduradunaren esanetan.

Azken asteotan hamaika istripu gertatu dira, bereziki eraikuntzaren alorrean. Egoerak ez du hobera egin.

Aurten 71 hildako gertatu dira, hauetariko 20 eraikuntzan. Datu hauek dena esaten dute. Arazoa hor dago eta, egoerari buelta ematen ez badiogu, urtetan horrela jarraitzeko arriskua dugu.

Adminstrazioari dagokionez, zein da bere papera?

Administrazioak ez du benetako neurririk hartzen patronalaren aurka, konplizitate handiaz jokatzen du. Gure bizitzako beste hainbat arlotan legea betearazten du eta kasu honetan, istripuak gertazen direnean, ez du zigor handirik agintzen. Patronalak administrazioa neutralizatuta dauka. Egoera honen ondorioz, informazio asko ezkutatu egiten zaigu sindikatuei, eta behin baino gehiagotan, txostenak zuritu egiten dituzte gure eskura jarri aurretik.

Sindikatuen papera ere kritikatua izan da.

Autokritika egin beharra dugu, baina gure eran tzukizuna oso bestelakoa dela kontutan hartuta. Gure salaketen eraginez gizartean lan istripuen arazoa azaleratu dugu gizartean eta administrazioa neurriak, oraindik gutxi badira ere, hartzera behartu dugu.

Dena den, negoziazio kolektiboan salto bat ematera behartuta daude, zentralitate bat eman behar diogu. Lan istripuen arazoaz hausnartu behar dugu enpresa eta sektoreetan eta, horrekin batera, mobilizazioak areagotu behar ditugu. Espero dut datozen hilabeteotan pausu berriak emateko gai izango garela arlo honetan ere.