Adunako UNIPAPEL enpresak bere jarduera industriala berreskuratu dezala eskatu du langileen batzordeak

2016/04/20
Adunako UNIPAPEL S.L.U. enpresako Enpresa Batzordeak bere ezinegon, frustrazio eta haserrea adierazi nahi ditu, orain dela bi urte Adveok Springwater Capitali industria jarduera saldu zionetik hona jasaten ari garen egoeragatik.

Bien artean den komunikazio txarrak, bi aldeek kontratua ez bete izanak, produkzioaren eteteak eta Springwater Capitalek nominak ez ordaintzeak, egoera are larriagoa egiten dute.

Sektorean puntako enpresa izan zenak, eta ondorioz, marka propioa eta bezero finkoak, egun ez du ia jarduera industrialik; honek suposatzen duen guztiarekin.

Enpresa Batzorde ezberdinak (Aduna, Madrid, Logroño) jabearekin biltzeko saiakera ezberdinak egin ostean, Springwater Capitalek bilera batera deitu gintuen Madrileko bere bulegoetan pasa den martxoaren 14an. Bilera horretan, ardura guztia Adveoren gain jartzen da eta bertan bildutakoei baieztatzen zaie Springwaterrek UNIPAPEL S.L.U.ren aldeko apustua egiten duela eta soldatetan (paga eta nominak) ez duela hutsik egingo. Egun batzuk beranduago ordea, UNIPAPEL S.L.U.ko langileok ez dugu nomina jasotzen eta honen aurretik beste ordainketa batzuetan atzerapenak jasan genituen.

Gertakari hauek direla eta, UNIPAPEL S.L.U.ko hiru fabriketako langileok Adveo eta Springwater Capitali eskatzen diegu haien ezberdintasunak konpondu ditzatela eta jarduera industriala lehen bait lehen berreskuratu dadila, egoera honek ez ditzan langileak gehiago kaltetu.