Aernnovako enplegu erregulazio espedientearen ondorioz orain urtebete kaleratutako langileak berriro hartzeko eskatu dute ELA, USO eta LABek

2022/02/01
Urtebete da Aernnova enpresa aeronautikoak 88 langile kaleratu zituen enplegu erregulazio espedientea EEE onartu zela. Bada, EEE horren epaia jakiteko atarian gauden honetan, ELA, USO eta LAB sindikatuetako atalek berretsi dute denborak arrazoia eman diela: enpresaren arazo ekonomikoak egoera jakin baten ondorio izan dira, ez zegoen arrazoi objektiborik kaleratzeak egiteko, eta Aernnovak COVIDa erabili du enplegu egonkorra eta kalitatezkoa suntsitzeko eta deslokalizatzeko. Gauzak horrela, duela urtebete kaleratutako 88 langileak berehala berriro hartzeko eskatu dute sindikatuek.

Orain urtebete enpresak EEEa aurkezteko emandako argudio guztiak bertan behera geratu dira. Alde batetik, Aernnovak 2021erako eta 2022rako aurreikuspen kaskarrak iragarri zituen Berantevillako langileentzat. 2021eko udatik, ordea, erabateko lan kargarekin ari dira lanean, eta ezin izan dute lan guztia atera. Bestetik, Aernnovak ez zuen arazo ekonomikorik. Kaleratzerik egiten ez bazituen, finanatza taldea arriskuan egongo zela argudiatu zuen. Sei hilabeteren buruan, aldiz, ITP eskuratzeko aukera zegoela esan zuen, eta urtebete geroago Portugalen bi lantegi erosi ditu.
Sindikatuek defendatu dutenez, Aernnovak enplegua suntsitzeko, deslokalizatzeko eta prekarioagoa izateko erabili du COVID krisia. Hala gertatzen ari da Miñaon ematen ari diren kontratazioekin, horietako asko ABLEen bidez egiten baitira. Era berean, Portugalgo lantegiak erosteko asmoa horren ondorio da: lanpostuak suntsitzen dira herrialde batean, eta lanpostu horiek berak sortzen dira lan baldintza apalagoak dituzten beste herrialde batean.
ELAk, USOk eta LABek dei egin diete erakundeei: Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Aldundiari, Aernnovaren moduko jarduerarik onar ez dezaten. Ezin da diru publikoa eta lana ematen jarraitu trukean konpromisoa eta kontraprestazioak eskatu gabe. Ez dezagun ahaztu Aernnovaren bezero nagusia Airbus dela, eta bertako akziodun handienak Alemaniako, Frantziako eta Espainiako gobernuak direla.