"Afiliatuei dagokie sindikatua mantentzea". German Kortabarria, ELAko idazkari nagusi ondokoa, kanon sindikala ezartzeko aukerari buruz

2005/06/06

UGT, CC OO eta CEOE "elkarrizketa soziala" garatzen ari dira, bai euren artean, bai Espainiako gobernuarekin dituzten harremanetan. Noizean behin ezagutzen ditugu xehetasun bakan batzuk, eta gehienbat langileen eskubideen kaltetan izan ohi dira. Besteak beste, sindikatuen finantziazioaren gaia ere esku artean darabiltela dirudi; eta ingurumari honetan "kanon sindikala" delakoa berrindartzeko aukerari begira ere egon daiteke sindikaturen bat. German Kortabarria idazkari nagusiaren ondokoari elkarrizketa egin diogu horren nondik norakoak azal ditzan, eta ohartarazi du "duela hogei urte bezala, ELAk erabat aurkako jarrera izango du, gure ereduan afiliatuei baitagokie sindikatua mantentzea".

Zer darabilte estatuan egiten ari diren elkarrizketa horietan?

Espainiako sindikatu, ugazaba eta gobernuaren artean garatzen ari diren elkarrizketa prozesu horretan badirudi jorratzen den gaietako bat sindikatuen finantziazioa dela.

Hori pentsa liteke, behintzat, UGTko idazkari nagusiak duela gutxi egin dituen adierazpenak entzunda. Itxuraz Espainiako sindikatuentzat obsesio bihurtu da aurrekontuak orekatu beharra.

Zer dio UGTko buruak?

Askatasun sindikalaren lege organikoa (LOLS) garatzeko bi lege eskatzen ditu, sindikatu konfederalen papera indartuko duena, batetik, eta erakundeetan parte hartzeari buruzkoa, bestetik.

Baina bitxia da sindikatuak indartzeko aipatzen duen neurri konkretu bakarra administraziotik jaso beharreko laguntza iraunkorra izatea. Hari honi jarraituz, deigarria da negoziazio kolektiboa egitearen truke langileek sindikatuei ordaindu beharreko kanona berriro aipatzea; badirudi gai hori aztertzen ari direla, duela hainbat urte bezala.

Berria al da orain mahairatu duten kanon horren kontua?

Ez du gehiegi zehazten, baina dagoeneko aurrera daiteke ez dela berria: Negoziazio kolektiboko kanonari buruzko eztabaida puri-purian izan zen 80etako hamarkadaren lehen urteetan.

Argudioa honelakoa da: Sindikatuek langile guztiei afiliatuta egon ala ez aplikatzen zaizkien hitzarmenak negoziatzen dituztenez, bidezkoa da hitzarmen bakoitzaren eraginpean dauden behargin guztiei kanon edo zerga moduko hori ezartzea; enpresek langilearen nominatik kenduko lukete zenbateko hori, eta gero sindikatuei helarazi.

Gauzatu al zen saio hura?

Asmo hark auzitegietan eta praxian oztopo ugari topatu zituen eta kanonaren erabilera, LOLS legearen 11. artikuluan jasota badago ere, ez da nahi adina zabaldu. Baina sindikatu espainiarrek ez dute ahaztu: Arabako eraikuntza sektorerako UGTk eta CC OOek sinatu duten kuotak kanonaren esanahi bera du: laneko istripuak gutxitzeko aitzakian, langile guztiek ordaindu behar dute (baina bi sindikatu horiek eta patronalak kudeatzen duten Fundación Laboral de la Construcción bidez administratuko da).

Zein litzateke logika hori ezartzearen ondorioa?

Kanona sindikatuak indartzeko helburuaren izenean ezartzen bada ere, sindikatuak gero eta menpekoago eta, hortaz, ahulago egiten ditu, patronalaren eta ugazaben esku uzten baitu kanona ezartzeko aukera eta ordainketaren kudeaketa. Era honetako finantzaketa iturriek erabat nahasten dute sindikatuaren iparra izan behar duen helburua, langileak beregana bildu eta antolatzea; eredu honetan sindikatuari sostengu ekonomikoa beste nonbaitetik datorkio, hots, ugazabekin lortutako akordietatik edo legeen poderioz betetzen dituen funtzio parapublikoetatik: langileen prestakuntza iraunkorra, enplegu-zerbitzuak edo dozenaka antolatuta dauden batzorde eta erakundeak, alegia.

"ELKARRIZKETA SOZIALA", SUSMOPEAN

Honela ikusiz gero, negoziazio kolektiboak berak areago ematen du ardura instituzional bat, sindikatuek "bake soziala" bermatzeko betetzen dutena, langileen egoera hobetzeko langileek bultzatako prozesua baino. Ikuspegi honetatik normala da finantzazioa ere funtzio parapubliko horien ordain legez berma dadin nahi izatea.

Baina halako beharrizanak asetzea helburu gorena bihurtu delarik, langileok Madrilen eta beste toki batzutan egiten den elkarrizketa sozialari errezeloz begiratzea ulergarria da.

Badirudi, bestalde, Espainiako Gobernuak sindikatuei eta ugazabei elkarrizketa sozialean parte hartu izanaren ordainaren lehen aurrerapena eman diela, langileen prestakuntza iraunkorraren kudeaketa medio jasoko duten dirutza asko gehituko baita.