SABINO ORMAZABAL HIL DA

Agur eta ohore, giza eskubideen aldeko borrokalari nekaezina!

2026/08/18
Agur eta ohore, giza eskubideen aldeko borrokalari nekaezina!
ELA sindikatuak saminez jaso du Sabino Ormazabalen heriotzaren albistea, eta doluminak adierazi nahi dizkie haren senide eta lagunei.

Justizian eta bakezaletasunean oinarritutako Euskal Herri aske eta iraunkor baten aldeko borrokan, Sabino eredugarria izan da giza eskubideekin, mugimendu sozialekin eta desobedientzia zibil ez biolentoarekin izan duen konpromiso militanteagatik.

Konpromiso horrek ondorio latzak ekarri zizkion, Baltasar Garzon epaileak “Todo es ETA” doktrinapean Joxemi Zumalabeko kideak 2000 urtean atxilotu eta 9 urtez luzatu zen kalbarioa bizizarazi baitzion, beste kideekin batera, 18/98 sumarioaren bitartez.

Hamarkada horretan jarri zen Sabino harremanean ELArekin, berak idatzitako “Sufrimentuaren mapa (osatugabea)” dokumentua sindikatuaren Manu Robles-Arangiz fundazioarekin editatzeko asmoz. 2003ean argitaratu genuen dokumentuak mota guztietako biolentziek Euskal Herrian eragiten duten sufrimendua mahai gainean jarri nahi izan zuen, biolentziarik gabeko etorkizuna amets.

Euskal Herri eta mundu askeago, justuago eta iraunkorrago baten bidean ezinbestekoa ikusten zuen desobedientzia zibil ez biolentoa. Historian zehar desobedientzi ekintza ez biolentoek izandako arrakastak gizarte mugimenduei ezagutarazteko “Indarkeriarik gabeko 500 ekintza” liburua idatzi zuen 2009, hau ere Manu Robles-Arangiz Fundazioak editatua. 

Sabino, zure konpromisoa, zuk egindakoak eta idatzitakoak gurekin gelditzen dira. Agur eta ohore!