Aguraingo DHL-n hitzarmena sinatu du ELAk

2015/07/06
Lan baldintzetan hobekuntza azpimarragarriak lantokiko hitzarmen propioan jasotzea lortu dute langileek. Hala, hiru urtetarako soldata igoerak bermatu eta lan jardunaren malgutasuna nabarmen mugatu dute, lan erreformaren aurkako klasulak jasotzeaz gain.

Lehenego aldiz, Aguraingo DHL Supply Chain Euskal Log enpresak hitzarmen propioa izango du. Orain arte enpresa mailako paktua zuten, lan erreformak ahalbidetutako neurriak ontzat jotzen zituena, soldatetan eskala bikoitza eta lan jardunaren malgutasuna era neurrigabean ahalbidetzen zuena. Hilabete luzez negoziazioetan ibili ostean, zenbait kale bilkura burututa eta greba deialdia egin eta gero, uztailaren 1ean hitzarmenerako akordioa sinatuta geratu zen.

Hiru urterako hitzarmena da, 36 hilabeteko ultraktibitatea duena, debekatzen du hitzarmena bertan balio gabe uzteko aukera, lan jardunaren malgutasunari mugak jartzen dizkio eta soldata igoera garrantzitsuak jasotzen ditu; lehen urterako % 1,25ekoa, bigarrenerako %1,50ekoa eta hirugarrenerako %1,75ekoa. Horrez gain, soldata baxuenak zituztenentzako urtean 1.000euroko igoerak izatea jasotzen du.

DHL Supply Chain enpresak Eroski-rentzako banaketa eta logistika lanak egiten ditu. 105 langile ditu egun eta Langile Batzordean ELA da ordezkaritza haundiena duen sindikatua.