Aho batez onartu da Ponentzia Orokorra

2013/01/24
Aho batez onartu da Ponentzia Orokorra
Kongresuan bildutako 736 ordezkariek aho batez onartu dute Nazio Batzordeak proposatutako eta aurkeztutako Ponentzia Orokorra. Ponentziak gure sindikatuak datozen lau urteetan izango dituen ildo estrategikoak zehazten ditu.

Ikusi ponentziaren aurkezpena

Hau da onartutako Ponentziaren laburpen txiki bat

GIZARTE POLITIKA

Atal honetan, ponentziak nabarmendu du murrizketa-politikek gastu publikoa gutxitzen dutela, batez ere gizarte-gastua, eta oso egoera larrira eraman gaituztela. Kongresuen arteko aldian langabezia bikoiztu egin da Euskal Herrian. 220.000tik gora langabe dago gaur egun. Langabezia-tasa %16tik gora dago; Europako batez bestekoa, handia bada ere, ez da iristen %11ra. Gainera, langabeen ia erdiek ez dute jasotzen batere prestaziorik (ez kontribuziozkoa, ez asistentziazkoa). Osasungintza, hezkuntza, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak... hornitzeko diru-sailak murriztu dira. Zerbitzu publikoen kalitatea higatzen ari da, zerbitzu pribatuen mesedetan. Osasungintza pribatua aurrera doa merkatu-kuotan, eta gizarte-beharrizanetatik negozioa egiten dutenek eskuak pozez igurzten dituzte.

Dirurik ez dagoela diote, alde guztietatik murrizten dute, baina inork ez du ezer esaten diru-sarrerei buruz. Oraindik ez da egin eztabaida sakon bat herrialde honetan fiskalitatearen inguruan, ELAk hainbestetan eskatu arren.

Ponentzian salatzen denez herri-erakundeak patronalaren esanetara jarri dira, eta agintea hartzeko aukera duten alderdi guztiek politika berdinak egiten dituzte. ELAk politika publikoak zeharo aldatzeko eskatzen du; baina erakundeak gure eskariei eta gizartearen deiadarrari entzungor egiten dietela jakinda, ELAk deitzen du mobilizazio gogorrak egitera, kaletik norabidea aldatzea eskatzeko gure agintari politikoei.

Ponentziaren amaieran gogoeta bat egin da ELAren inplikazio handiagoaren beharraz, oraingo ekoizpen, banaketa eta kontsumoko eredua goitik behera aldatzeko asmotan. Ekonomiaren desazkundea gertatu gertatuko da; kontua da ea justiziaren irizpideen arabera gertatuko den, edo oraingo desberdintasunak eta arazoak okerragotuz gertatuko den.

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Alde horretatik ponentziak azpimarratzen du negoziazio kolektiboaren azken erreformek berretsi baino ez dutela egin azken urteotako ibilbide neoliberala. Helburua ez da besterik izan soldatak jaistea baino, eta horrekin batera, hazkunde-garaian irabazten zutenei, kapitalari alegia, krisi-garaian ere irabazteko aukera ematea. Patronalak pozarren daude, eta azken erreformek eskaintzen dizkieten “onura” guztiak aplikatzeko irrikan daude. Aldez eta moldez esan dute: ez daude prest ezer negoziatzera, ezta legeak negoziatzeko uzten duena ere, eta are gutxiago uko egitera eskaintzen zaizkien aukeretako bakar bati ere.

ELAren erronka negoziazioa enpresa-mailan hedatzea da. Hau da, ETEetan, enpresa ertain eta handietan negoziazio-esparruak ireki behar dira. Beste batzuek ez bezala, guk ez diogu uko egingo ETEetako negoziazio kolektiboari. Edonola ere, erreforma horiek zerbait utzi badute argi zera izan da: ez dago errezeta bakarra sektore guztietarako. Sektore bakoitzari, baita arlo publikoan ere, borroka-esparru bat utzi behar diogu. Behartzen eta lotzen duen negoziazio bat lortu behar da, eta ez “gomendio” hutsa bihurtu den negoziazioa.

Bide horretatik gehiago ibiltzeko, eta ezarritako erronkak erantzun ahal izateko, ezinbestekoa da modu antolatuan eta etengabean lan egitea, eta ez bat-batean erabakiz joatea: informazioa helarazi behar zaio jendeari, eta diagnostikoak partekatu, enpresaz enpresa eta sektorez sektore. Militantzia eta afiliazioa erabakigarriak izango dira. Militante eta afiliaziorik gabe erronka gainditu ezinezkoa izango da. Sindikalizazioa bide bakarra da. Gure helburu nagusia hauxe da: jendea borrokarako antolatzea, enpresarik enpresa, lantokirik lantoki.

SUBIRANOTASUNA

Atal honekiko, ponentziak azpimarratzen du krisi-garaia abagunea dela subiranotasunerako. Gure herrian badago aukera ezetz esateko, ezetz Estatuan erabakitzen diren egiturazko murrizketen politikak mimetismoz aplikatzeari. ELAk erakundeak premiatzen ditu men ez egitera, eta bertako erreferentziak ezartzera; beti ere jende xehearen alde. Politikak oihartzuna eta aliantzak bilatu behar ditu, bai gizarte-arloan, bai sindikatu-arloan, aipaturiko erronkari erantzun ahal izateko.

Alde horretatik, arlo sozialak eta gehiengo sindikalak zedarriztaturiko bidetik jarraituz gero, subiranotasunak badu geroa, eta hala nabarmentzen da ponentzian.

Bestalde, korronte abertzaleen arteko zailtasunak aipatzen dira; hau da, subiranotasunaren gutxienezkoen akordio batera heltzeko zailtasunak. ELAren iritziz bi gai dira lankidetza horretarako eragozgarri. Batetik, bi familia abertzale handien arteko borroka, hegemonia lortzeko. Borroka horretan polarizazio-helburua dago: agertoki politikoan eta sozialean, sindikalismoa ere barne, dagoen guztia alde batera edo bestera kulunkatzea.

Bigarren gaia lehentasuna da. Erakunderen batean agintea hartzeko aukera duten alderdi politikoek —homologazio instituzionala dei geniezaioke horri— subiranotasunari ematen dioten lehentasuna. Hegemonia/kudeaketa binomioak ondorio larri asko dauka. Besteak beste, klase-elementuak erlatibizatzea, eta lankidetza-esparruak ez bilatzea.

Azkenik, ETAk borroka armatuari utzi ondoren Espainiako Gobernuak daraman jokabidea salatu da ponentzian. Gobernuari leporatzen zaiona presionatuz jarraitzea da, baita errepresio-logika aplikatzea ere, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren “transizio korporatiboa” negatiboki baldintzatzeko asmoz.

ANTOLAKUNTZA

Delako atal horretan, ponentzian militanteak gero eta gehiago inplikatzeko beharra nabarmentzen da, sindikatu gisa ditugun erronkei erantzun ahal izateko. Negoziazio kolektiboaren erreformak zeharo aldatu ditu joko-arauak, eta zeuden gutxienezko orekak patronalaren alde kulunkatu ditu. Hori dela-eta, gure antolakuntza-eredua, jardute-arauak eta egiturak egokitu beharko ditugu, gure sindikatuak langileen alde diharduen erakunde sendoa izaten jarrai dezan. Ildo horretatik dator antolakuntza etengabe hobetzeko beharra, gure militanteek —elkarri lotuak eta konprometituak— langileak hobeto antola ditzaten lantokietan, gure eskubideen alde ekite aldera.

Ponentzian azpimarratzen da, orobat, gure afiliazio eta ordezkaritza-mailak igotzeko beharra, oinarrizko zutabeak baitira ELAren proiektu sindikalean. “Gure lan-baldintzak mantentzeko eta hobetzeko baldintza bakarra hauteskunde sindikaletan lortzen dugun ordezkaritza eta gure afiliazioa ugaltzea da”.