AHT-ari buruz ez dute egia esaten Nafarroako agintariek

2010/04/14
ELAren iritziz, beste garraiobideen aurrean alternatiba bezala saldu nahi duten arren, ibilbide hau egiten dutenen artean gutxi batzuek erabiliko duten azpiegitura izango da, eta garestia gainera.

Trenbide sare honek ez du merkantzien garraiorako balio; espainiar Estatuan ez dago merkantziak garraiatzen dituen AHTrik, beraz errepidez garraiatzen jarraituko dute. Europako beste herriekin izango duen lotura ere oraindik ikusteko dago.

Bestalde, Nafarroako eta Espainiako gobernuek sinatu berri duten konbenioak AHTaren lehen fasea zehazten du, Iruñea eta Castejon arteko ibilbidea. Ez da aipatzen ez beste faserik ez geltokirik beraz ez dakigu etorkizunean zer eraikiko duten. Hitzarmen honetan Nafarroako administrazioak eraikuntza kosteen %57 (387,65 milioi euro)  aurreratuko du eta diru honen interesak beregan hartuko ditu. Diru guzti hau aurreratzeko, beste partida batzuetatik kendu beharko du, eta dagoeneko hasi da. 2010eko aurrekontuetan 107 milioi euro murriztu ditu. 2011an ordaindu behar dituen 43,25 milioi euroak nondik kenduko dituzten ez dute azaldu. Proiektua aurrekontuak dioena baino gehiago kostatzen bada, Nafarroako gobernuak ordaindu beharko du koste gehigarri hori.

ELAk salatu du Iruñean emandako prentsaurrekoan, proiektu hau ez dela herriaren beharretatik sortu. “Madrilgo gobernuak hartutako erabakia izan da. Obren diseinua beraien esku egongo da eta beraiek izango dute azken hitza. Bi gobernuek izenpetu duten akordio honek, nafarrek duten erabakitzeko eskubidea ukatzen du, espainiar Estatuaren esku geratuko baitira eskumen eta erabaki asko”.

Bertan izan dira Mikel Noval, Mitxel Lakuntza, Ainhara Plazaola, arlo sozialeko, Nafarroako eta ingurumenako arduradunak, hurrenez-hurren.

ELAren ustez, AHTren alternatiba tren soziala da, hiritarren benetako beharrei erantzungo dien trenbide sare jasangarria; garraio sistema orokorrean integratuko den trena, lurralde eredu iraunkor bat ahalbideratzen duena. Nafarroa benetan egituratuko duena, zonalde marjinalik utzi gabe.

ELAren iritziz, AHT proiektua eta Espainiako eta Nafarroako gobernuak sinatutako konbenioa bertan behera uztea exijitzen du, ez duelako lurralde eta gizarte eredu jasangarri bat defendatzen. “Benetako gizarte eztabaida bat irekitzea eskatzen dugu, benetan herriak nahi duen garraio politikarantz egiteko eta lurralde eta gizarte eredu justuago bat izan dezagun”, dio.